Gipuzkoako Urrezko Domina jaso zuen atzo Jakinek

Paulo Agirrebaltzategik, Joseba Intxaustik eta Joan Marti Torrealdaik jaso zuten Urrezko Domina saria “Jakinkide” guztien izenean. Joxe Azurmendik ezin izan zuen ekitaldira azaldu ziatika baten ondorioz baina Alemaniatik bidali zuen eskertza bideoa ikusteko aukera izan zen. Joan Marti Torrealdaik hartu zuen hitza lehenbizi “Jakin euskararen lurralde askean sortu zen, ez inongo probintziatan. Horregatik ulertu izan dugu gure lana, hasieratik, inorena eta guztiena dela, euskaraz izatekotan. Euskaltzale eta herritar guztiekin egoten ahalegindu gara. Kritikoki, maitasunez kritiko”. 

“Euskal kultura eta modernitatea lotzeko egindako lanagatik” jaso zuen Urrezko Domina Jakinek, eta Markel Olano diputatu nagusiak lau ataletan adierazi zuen egin duten ekarpena: «bat, euskarak kultura behar du aurrera egingo badu; bi, kultura horrek moderno, antidogmatiko eta irekia behar du izan, belaunaldi berriei transmitituko bazaie; hiru, unibertsal izateko modu bakarra partikular izatea da; eta lau, partikular izateko nork bere pentsamendu propioa garatu behar du eta mundua nork bere esperientziatik azter-tzeko obligazioa du». 

Ondoren, Jakin aldizkariko kide Alaitz Aizpuruk testu bat irakurri zuen eta jarraian Azurmendiren bideoa ikusteko aukera izan zen. 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

(Irakurri +)

Benito Lertxundik jasoko du Foru Aldundiko Urrezko Domina

Benito LertxundiGipuzkoako Foru Aldundiak Benito Lertxundi Orioko kantari eta konpositoreari emango dio Urrezko Domina ostegunean, Foru Jauregian.

Ohorezko bereizgarri hori Gipuzkoako interes orokorraren alde merezimendu bereziak egin dituzten pertsonei edo elkarteei ematen zaizkie, edo haien ibilbidea eta lana nabarmentzekoak dituzten pertsonei edo elkarteei.

Urrezko Domina jasoko duen Benito Lertxundiren ibilbide artistikoa luzea eta emankorra da eta, kantuen bidez, mezu poetikoak eta, aldi berean, politikoak bidaltzen zituen errepresioaren menpean zegoen euskal gizarteari.

Larraitz Ugarte Gobernuko bozeramaileak gogorarazi duenez, “euskal kantagintzaren sortzailerik handienetakoa da” eta edozein korronte eta modaren gainetik biziraun dute bere doinuek hainbat hamarkadetan.

“Ez Dok Amairu” kultur mugimendu garrantzitsuaren kideetako bat izan zen, eta euskaldunon ehunka gertaera eta bizipen sinbolikoen soinu banda ere jarri izan du Benito Lertxundik. Haren ibilbide oparoarengatik eta euskal kulturari egin dion ekarpenarengatik, Urrezko Domina emango dio Foru Aldundiak.

Urrezko Domina emateaz gain, Urrezko bi Plaka ere emango ditu Foru Aldundiak: lehenengoa Ordena Publikoaren Auzitegiaren bortizkeria eta errepresioa jasan zituzten emakumeek jasoko dute; eta bigarrena, berriz, “Beroa” Gipuzkoako Harrera Familien Elkarteak.