“Nur eta herensugearen tenplua” – Irudimenaren gunea

Iragan ekainean estreinatu zuten Nur eta Herensugearen Tenplua 65 minutuko film luzea, eta zinema aretoetan izan ondoren, DVD formatura ekarri berri du Elkar argitaletxeak Lotura ekoizetxearekin elkarlanean.

Logika jolasak maite zituen Juanba Berasategi zinemagileak, eta, diotenez, frogak jartzen zizkien Lotura Films ekoizpen etxeko lankideei sarri. “Zein da autoak estaltzen duen zenbakia?”, galdetzen zien marrazki bat eskutan zuela: irudian zenbakitutako aparkaleku bat, auto batekin: 16, 06, 68, 88, autoa, eta 98. “Zein da autoak estaltzen duen zenbakia?”. Irudi horrekin hasten da Nur eta Herensugearen tenplua euskarazko film luzea, Berasategik zuzendutako azken pelikula. Toti Martinez de Lezea idazlearen eleberrian oinarrituta dago eta balio hezitzaileak transmititzea du helburu.

Berezia da Nur eta herensugearen tenplua, euskarazko animaziozko pelikulak egiten lehena izan zenaren azken lana baita. Aitzindaria izan zen Berasategi, 1985ean, Kalabaza Tripontzia  euskarazko animaziozko lehen film luzea sortu zuenean. Ordutik erreferentea izan da zinemagilea. Bi urte dira Martinez de Lezea idazlearen Nur ipuin bilduma arrakastatsuaren ale bat aukeratu eta pantailaratzeko erronka hartu zuenetik. Hark zuzendutako azken filma da, hain zuzen, Nur eta Herensugearen tenplua, iazko apirilaren 28an hil baitzen zinemagilea, 66 urte zituela, minbiziaren ondorioz. Guztira, 40 lagunek baino gehiagok parte hartu dute filma sortzeko prozesuan. Eneko Olasagastik sortu du gidoia, eta Joserra Senperenak, berriz, musika. (Irakurri +)