Alberto Ladron Aranaren “Harrian mezua” – AURRERAPENA

Harrian mezuaAlberto Ladron AranaAlberto Ladron Arana idazle ezagunak Harrian mezua thriller berri bat kaleratu du. Beti bezala misterioaren hariak ezin hobeki josiz eta irakurleari arnasa hartzeko beta doi-doi eskainiz.

Eleberriaren lehenengo kapituluaren hasierako zatia irakurtzeko aukera duzue hemen.

 

 

OTSAILAK 2, IGANDEA
1

–Asko falta da? –galdetu zuen Leire Asiain inspektoreak.
–Hiru bat kilometro –Alberro inspektore-ordeak esku batekin eutsi zion bolanteari, bestearekin mugikorra sakelara bihurtu bitartean–. Rifa doktorea zen. Gure zain daude.
Asiain Mitsubishi Monteroaren eserlekuan hondoratu, eta gogoa hutsik mantentzen ahalegindu zen. Hogei metro aurrerago zebilen ibilgailuari so egin zion. Brigada zientifikoaren furgonetak mantsotasun amorragarriz egiten zuen aurrera pista elurtuan. Elurra pagoen adarretatik erori, eta hauts urdinxka batez zipriztintzen zuen haizetakoa.
Gurpilek irrist egin zuten, baina Alberrok lortu zuen ibilgailua bidetik ez ateratzea. Bero egiten zuen autoan.
Asiainek begirada galdu zuen enbor zurituen labirintoan.
Baso izoztuak amaiezina zirudien.

–“Gero eta barrenago sartzen ginen ilunbeen bihotzean…”–erran zuen Alberrok.
–Zer?
–Liburu batekoa da.
–Ez dut ezagutzen.
–Gabonetan irakurri nuen. Apocalypse now filma egin zuten, nobela oinarri. Gizon zibilizatuak basatasunari dion izuaz dihardu. Berokuntzak gasolioaren usaina zekarren. Mitsubishiak zabukada egin zuen zulo baten gainean igarotzean, Asiaini hortzak kirrinkaraziz.
–Gelditu autoa –erran zuen.
–Hemen?
–Gelditzeko erran dizut.
Asiain ibilgailutik atera eta lasterka urrundu zen zuhaitzen artean. Alberro atzetik zetorkiola entzun zuen, baina, handik bidali ahal izan baino lehen, goragalea etorri zitzaion. Urdaila hustu zuen pago baten kontra bermaturik.
–Ongi zaude? –Alberrok.
–Primeran. Pista alu hori da.
Elur pilota bat eginez, sagar bat balitz bezala jan zuen, eztarriko erredura arintzeko. Bururatu zitzaion txikitatik ez zuela elurrik jan.
–Goazen.
Ibilgailura itzuli ziren elurretan belaunetaraino hondoratuz.
Zientifikoaren furgoneta ere gelditua zen, eta agenteek leihatiletatik begiratzen zieten. Alberrok segitzeko keinua egin zien bolantera itzuli aurretik.
–Beharbada, hobe dugu urdaila hutsik eduki hara iristen garenean.
Minutu batzuk geroago iritsi ziren pistaren amaierara. (Irakurri +)