ARTXIBOAK
Ruper Ordorika

Ruper Ordorika: “Sasi artean ibiltzen garenontzako kantuak”

“Hodeien azpian” kokatu duzu diskoa, alegia, hementxe, egunerokotasunean, ez dauka sorginekin zerikusirik, ezta?
Ez, nahiz eta baden “Sasi guztien gainetik… ” esaera horretatik abiatuta. Esango nuke sasi artean ibiltzen garenontzako kantuak direla, sasien gainetik daudenak. Munduan, hemen, topatzen ditugun gauzak eta pertsonak dira, toki amankomunak, mundu denean ematen direnak. Geografia horretan, mapatxo horretan gertatzen da bizitza.

Kantu leun eta indartsuak egin dituzu. Horren bila zenbiltzan?
Hori esaten didate, eta maite dut, baina ez dut horrela pentsatzen, ez dut pentsatzen kantu leunak egin behar ditudanik. Askoz tonu goragoetan kanta nezake, baina horrela gustatzen zait. Hori atera dadin teknikoki gauza batzuk kontuan hartu behar ditut. Hau da, orain dela 60 urte egindako mikro bat erabiltzen baduzu, balbulekin, ez dezakezu behartu, neurri baten barruan kantatu behar duzu eta oso interesgarria da hori. (…)

Ruper Ordorika: “Nire kantuek arnasa hartzen dute musikari hauekin”

Bi disko berezi egin ondoren, Memoriaren mapa eta Hamar t’erdietan zuzenekoa, itzuli zara estudioko zure disko berri batekin. Nolakoa da Haizea garizumakoa?
Oso disko polita da! ja, ja. Ez dezaket horrelako disko bat egin, aurrekoak egin gabe, nahiz zuzenekoa, nahiz Menoriaren mapan… Disko honetan aldaketa handiak daude baina beti da gehiago irauten duena aldatzen dena baino. Hau da, ni naiz kantuan ari dena, nire kantuak dira. Saiatu naiz neure burua ahal bezain aske uzten kantuak egiteko eta ontzeko bidean. Niretzako Hamar t’erdietan aurreko taldearen itxiera izan zen eta beste arnas bat nahi nuen.

Grabazioa era analogikoan egin duzu. Sonido bereziren baten bila ibili zara?
Bi hilabete lehenago ez nekien Nueva Yorken grabatuko nuen, ezta analogikoan izango zen ala ez. Nire lehenengo diskoak horrelakoak ziren, eta gero, nahiz beste teknologia batekin, beti grabatu izan ditut diskoak hau bezala, hau da, denok batera sala batean jotzen. Oraingoan, Nueva Yorken ginen, geneukan aurrekontuarekin ezinezkoa zen estudio estandarretan sartzea baina aukera oso berezi bat sortu zen estudio vintage batean, eta nire harridurarako, galdetu zidaten ea analogikoan edo digitalean nahi nuen. Eta horrela izan zen, bi egunetan grabatu genuen oinarrizko sesioak.

Beti nahi izan duzuen eran eta lagunekin: Ben Monder, Skuli Sverrisson, Kenny Wollesen, izan dituzu lagun grabazioan. Pozik zaude emaitzarekin?
Nire ustez nire kantuak oso pozik daude, horrelako musikariekin berriz elkartzeagatik eta modu horretan grabatzeagatik. Nik uste nire kantuek arnasa hartzen dutela musikari hauekin, bat egiten dugu berehala, eta oso disko bildua ikusten dut.

Mikel Laboari kantu bat egin diozu. Gitarrek negar egiten dute bertan.
Kantu horretan nire asmoa izan da Etxahunen eta gure kantu zaharren antzeko zerbait egitea. Ez dakit lortu dudan. Ia ia bat-batean etorri zitzaidan kantua, ez nuen ia moldatu beharrik izan. Bukaeran Monderi eskatu nion gitarrarekin jotzeko zerbait inprobisatua. Berak ere ezagutu zuen Mikel hemen izan zen batean.

Kantuen letrak zureak dira. Ez al dago inoiz baino gehiago zure barru-barruko aldartea kantuotan?
Bai, arakatu beharko nuke nire buruari eman diodan libertade horregatik ote den. Kantu gehienak dira etorri bezala sortuak, ahalegin bat eginez hasierako ahots hori entzuteko, ez dago auto-zuzenketarik. Ez dakit erabat autobiografikoak diren; badute horretarik. Benetakotasunetik zerbait dute kantu guztiek, baina ez dakit noraino den hori, kantuak beti kantu dira-eta.

Aurreko zure kantu askotan bezala, oraingo hauetan ere lekuak ikusi egiten dira.
Disko honetan oso nabarmena da, oso muturreko leku extremoetan egindako kantuak daudelako: Antilletan eta Larrun azpian. Denek bat egiten dute. Nire irudipena da gero eta samurrago ari naizela neure iturriak batera ekartzen. Neure betiko zaletasuna kantu zaharrekiko, eta beste joera batzuk, gero eta bateratuago ikusten ditut nire kantuetan. Letretan ere saiatzen naiz kantu zaharrek duten zehaztasun horretan, gauza handiak leunki esateko indar horretan. Horretarako askatasun handia behar da, nork bere buruari ahalik eta hesi gutxien jarri behar dizkio.

Zergatik Haizea Garizumakoa izenburua?
Antilletan Viento de Cuaresma deitzen zaio haize bati. Otsailaren bukaeran hasten da arratsaldero 13:00ak aldera, eta udaberriko deia da, anuntzioa. Nik galdetzen nien bertakoei zergatik deitzen zen viento de cuaresma, eta ez zekiten, ezta cuaresma zer zen ere. Irrigarria gertatzen zitzaidan: garizuma euskaldunontzat oso sasoi iluna da, eta han berriz gauza alaia.

Zuk esana da kantaren osagaiak direla hitza, doinua eta oihartzuna. Orain zuzenekoetan onduko da oihartzun hori?
Horretaz ez dut inongo zalantzarik. Nire burua gero eta gehiago kontsideratzen dut zuzeneko musikari bat, lehen ez zen horrela. Orain hasiko naiz kontzertuetan iazko talde berarekin: Harkaitz Miner, Lutxo Neira eta Hasier Oleaga.

Etiketak:  Ruper Ordorika
KATEGORIAK