Peru Magdalenaren “Ametsondoa” lan berriaren aurrerapena

URRATSAK

Ibilian noa, bide luze batean zehar ibilian.
Bidea luzea dela hausnartzen dut. Luzea eta ezustez betea. Eta begiak ikusi nahi duen besteko ederra.
Bat-batean geroa gogoratzen dut. Oso argi gogoratu ere.

Lurrera begiratzen dut, atzera, eta lurrean urratsik uzten ez nabilela ikusten dut. Aurrera begiratzen dut, eta urratsak aurretik ditut, bide luzean zehar aurretik.

LIBURU LIKIDOA

Ur txikiak liburua eskuetan hartu eta amari galdetu zion:
–Nola irakurtzen da liburu hau?
–Erreka bati begiratzen zaion moduan.

BIDAIAREN HASIERA

Sagar guztiak ondo helduta larrera jausi zirenean, sagarrondoa hegan joan zen.

HASIERAKO INDARRA

Berdin dio zenbat bidaia egin dituzun, zenbat lan egin duzun, zenbat seme-alaba izan dituzun. Berdin dio zortzi ala laurogeita zortzi urte badituzu, ortozik ala zapata garestiz bazabiltza. Berdin dio gosez zauden, gaur martitzena den, ala maitasuna ulertzen ote duzun. Berdin dio. Hasieran zaude. Beti. (Irakurri +)

VIII. elkar ilustrazio eta ipuin lehiaketa

8 ipuin kartela WebHemen da elkar Ipuin eta Ilustrazio lehiaketa berriz ere. Urtero antolatzen du elkar fundazioak hamasei urte arteko haur eta gazteentzat literatur eta ilustrazio lehiaketa hau. Txikienek Peru Magdalenaren “Lolo” ipuin labur argitaratugabea ilustratu beharko dute eta 10-13 urte bitarteko gaztetxoek, aldiz, Martintxo Altzueta ilustratzaileak egindako ilustrazioa ikusita ipuina asmatu beharko dute. Azkenik, 14-16 urte bitarteko gazteek “Eta kultura zer?” gaitzat hartuta komikia edo bineta bat sortu beharko dute. Beraz, lehiaketara ipuin idatziak, ilustrazioak zein komikiak aurkeztu behar dira.

Lehiaketa eran antolatzen den jolas honen helburua haur eta gazteak literatura eta irakurketara hurbiltzea da. Aurreko ekitaldietan ia 6.000 lan inguru jaso izan dira, norbanakoen lanak guztiak, baina sarri ikastetxeen bitartez ere bideratu izan den partehartzeari esker jasotakoak.