Telesforo Monzon, aristokrata burujabea

Telesforo Monzon (1904-1981), Bergaran jaiotako aristokrata eta politikariari buruzko biografia mamitsua idatzi du Pako Sudupek. Telesforo Mozon, aristokrata abertzalea – EAJtik HBra: bilakaera politiko-kulturala (Txertoa) izenburupean, haren ibilbidea ez ezik, XX. mendeko Euskal Herriko historia eta politika ezagutu eta ulertzeko liburu gomendagarria, gerra aurretik hasi eta ia-ia egundaino.

Zergatik Telesforo Monzon? Zerk erakarri zaitu biografia bat idazteraino?

Lehen ideia Txillardegiri buruzko lana egiten ari nintzela etorri zitzaidan. 1957an edo ezagutu zuenean Donibane Lohizuneko Mende Berrin, Txillardegiri aristokrata bat iruditu zitzaion; aristokrata hiru bat neskame euskaldunek zerbitzatu zietelako bazkaria, aristokrata janzten zen moduagatik eta bere izaera nobleagatik, zituen lagunengatik, esaterako, Manu Sota, oso british janzten zena…; eta aldi berean, benetako abertzalea: Ipar eta Hegoak bat egin eta euskal estatu euskaldunaren aldeko benetako abertzalea; hala adierazi zuen Txillardegik hura hil zenean.

Nola laburtuko zenuke haren figura eta ibilbidea?

Arbaso karlista-monarkiko espainiarretatik Eusko Alderdi Jeltzalera pasa zen modu erromantiko ez-pragmatikoan, Jaungoikoaren eta hark egindako Euskal Herriaren alderako maitasunak eraginik, eta espainiar eskuindar eta ezkertiarren espainolismo inposatzailearekin nazka-nazka eginda. Eta, ondoren, beren bizia emateko prest zeuden etakideen alderako lerratze sentimentalak barru-barrutik bultzaturik, hitzezko borroka latz-arriskutsu-higatzailean zuen guztia emateraino, Herri Batasuneko mahai nazionaleko zenbaitekin bat-bat eginik. (Irakurri +)

Joxe Manuel Odriozola “Txillardegiren borroka abertzalea” liburuari buruz

Pako SudupeTxillardegiren borroka abertzaleaEuskal Herriaren azken mende erdi gatazkatsuaren kontakizuna zinez egin nahi duenak Txillardegiren izena behin baino gehiagotan hartu beharko du ahotan edo luman. Bere soslai polifazetikoak bidegurutze askotan ezarri baitu haren itzala. Euskara batuaren nondik norakoak nekez ezagutuko ditugu bere funtsezko ekarpenak aintzat hartu gabe, euskal literatura modernoaren orrialdeetan aitzindari agertuko zaigu, ETAren inguruko mugimendu abertzale berriaren gorabehera politikoetan aztarna sakonak utzi dizkigu, eta abar.  

Liburu hauxe da, hain zuen, aztarna politiko horien oihartzun zabal eta oparoa. Txillardegiren pentsamendu politikoa ezagutu nahi duenak badu hemendik aurrera nora jo. Pako Sudupek ezin hobeto atera baitizkio ezpalak donostiar aitzindariaren kultura politiko zabalari. (Irakurri +)

Pako Sudupe “Txillardegiren borroka abertzalea” liburuaren aurrerapena

txillardegiren borroka abertzaleaSabino Aranarentzat, labur esanda, herri baten osagai nagusia arraza zen, belaunaldiz belaunaldi transmititzen den ondare genetiko eta espirituala, eta euskaldunon kasuan bereziki fede kristaua, erlijiotasun sakona, kanpotik neurritsua baina barrutik bizi-bizi sentitua, eta horrekin batera hizkuntza eta historia, euskal zuzenbidea, euskal foruak, eta haien bidez gozatu izan omen genuen askatasun politikoa –independentzia nahiago baduzue, edo kasik, 1839ko Legea baino lehen–, ohiturak.

Garrantzizkoenak? Arraza eta erlijioa, eta hizkuntza ere bai, baina beste haien mendean, maketo euskaldunduen herria baino euskotar erdaldunduena mila aldiz desiragarriago, etsi-etsian. Arrazak eta hizkuntzak beste herrietatik bereizten gintuzten; arrazak egiten gintuen gure ondoan “moroak” ziren espainiarrak baino hobeak moralki, eta erlijiosoagoak. Eta indoeuroparretatik arras berezia dugun hizkuntzak ere balio bide zigun beste herrien erlijio-epeltasun edo erlijio- -gabeziarekin ez kutsatzeko. (Irakurri +)