Oskorritarren sasoiak

Behin baino gehiagotan kontatu izan digute gurasoek euren sasoia desberdina izan zela, biziagoa, errealagoa, langileagoa, pobreagoa, aberatsagoa, zeharo gainditu zutela guk orain arte egin duguna, egiten ari garena eta egiteko duguna ere, benetan ari zirelako, biziagoak zirelako, errealagoak, konprometituagoak, zoroagoak, zentzudunagoak. (Irakurri +)

Oskorriren bazkalostea

Unai elorriaga argazkEz da egia Oskorri berrogaitazak urtez aritu denik euskal musikagintzan, nork sinesten du, nork ez du aditu euren musika jaio zenetik, are gehiago, jaio aurretik ere, ezer ez zenean… Susmoa da, orokorra, betidanik egon izan dela Oskorri eta, dudarik ez, beti izango dela… Bernat Etxeparek berak aditu zuen 1545. urtea baino askozaz lehenago, sumatu zuen, baina poetarik mingotsenek ere umetarik aditu zuten, Gabriel Arestik, esate baterako, Natxo de Felipe ezagutu baino dezente lehenago. Alemanian aditu zituzten Oskorriren kantuak, bestetik, Txilen, Katakunbetan, Errusiako iraultzan, Kalbario mendian, pubetan, sedentarioetan, ibiltarietan, pubak asmatu baino lehenago ere. Guztiarekin, lan handiegia ere ez da egin behar gazte bat imajinatzeko ehun eta bi urte barru, logelan, tabernan, bulegoan, ikastetxean, musika-aparatu oraindik ez asmatuan, botoirik gabekoan, garunean txertatuan beharbada, “Euskal Herrian euskaraz” kantua aditu eta bere buruari galdetuz zer ari ote den Txinan lanean, Alemanian ikasten, hitzaldiak ingeles txarrean esaten, ergatiboa noiz eta non jarri behar den ahaztu duenean. (Irakurri +)

Oskorriri zor dioguna

BO3O2631

Getxoko Kultur Etxea

Barakaldoko Palenzuela liburudendan erosi nituen Oskorriren lehenengo diskoak, Arestirena eta Etxeparerena. 1978 urtea izango zen. Denda txiki horretan, material euskalduna eskaintzeaz gain, musika jartzen zuten girotzeko; hor entzuten zen, behin eta berriro, Europako Herrien kantuen bilduma, Oskorri eta bere “Egia da” moldatua barne, Blas Piñar ultraeskuindarra aipatuz. Nazioartekotasun horretan Bilboko taldea aintzindaria izan zen.

Itoiz eta Errobirekin batera, nere talderik gustukoena zen Oskorri. Oso bitxia izan zen zuzenean ikustea (eta grabatzea) Barakaldoko Guridi zinetokian 1982an, Milladoirorekin batera, sarrerak agortuta zeudelarik. Handik gutxira irrati lanetan hasi nintzen, eta noizean behin kasete pletina bat eta munduko kable guztiak soinean hartuta, kontzertuetara abiatzen nintzen grabaketa egiteko baimen preziatuaren bila. Zorionez horixe lortu nuen 1991ean Barakaldo Antzokian; nire ondoan Jean Phocas, beharbada Euskal Herriko teknikarik onena garai hartan; aurrean Oskorri une goxoan: Natxo, Anton, Bixente, Fran, Txarli, Jose…; eta horiekin batera gonbidatu berezia: Kepa Junkera gaztea, Errekaldeko trikitilaria. (Irakurri +)