Hasier Oleagaren musika-gomendioa

Hasier Oleaganorah_jonesNorabide bakarreko diskoa dugu Norah Jones kantariaren bosgarren lana: Little Broken Hearts, edo “apurtutako bihotz txikiak”. Ez dakit txikiak diren edota apurtuta ote dauden, baina zalantzarik gabe hamabi istorio hauek bihotzera zuzenduta daude.

Lehenengo entzunaldian sinpleak diruditen arren kantu hauen barnealdean esanahi sakona dago. Norah Jones-ek berak bizitako uneak baldin badira, diskoa benetakotasunaren pisuarekin jantzita dagoela esango nuke.

2012ko apirilean Blue Note diskoetxeak argitaratua eta Danger Mousek ekoiztua izan zen. Doinuak eta erritmoak hitzen esanahien kontrako koloreekin jolasten dira. Happy pills izan zen lehen singlea. 2002an Come away with me argitaratu zuenetik jazzeroagoak diren moduetatik, countryagoak diren eremuetara hurbilduz joan da Jones. Green Day taldeko kantari izandako Billie Joe Armstrong-ekin batera egindako lanak edota Puss´n boots bere talde berriarekin egindakoak argi uzten duten bezala, disko honetan ere usaintzen dira country lurrinak.