GIPUZKOAKO BAZKUNDEAK ELKAR FUNDAZIOA SARITU DU

Gipuzkoako Bazkundeak pasa den ostiralean eman zituen “Gipuzkoako Enpresaren Sariak  XXVII” eta zerbitzu enpresa onenari saria elkar Fundazioak jaso du. 

elkar Fundazioak Gipuzkoako “Zerbitzu Enpresa” saria jaso zuen, euren negozio modelua egokitzeagatik, euren aktibitatea dibertsifikatzeagatik, teknologiaren modernizazioaren aldeko apustua egiteagatik eta euren fakturazio zifrak eta enplegua handitzeagatik liburuaren merkatuak beherako joera izan duen bitartean. 

Elkarrek bere aktibitatea liburuaren munduan burutzen du modu integralean eta horretarako argitaletxe enpresak, banaketa enpresak eta liburu dendak ditu. Aktibitate hau guztia aurrera eramateko Elkarek 433 langile ditu, % 52 emakumeak eta % 48 gizonezkoak, eta % 66ak hamar 10 urte baino gehiago daramatza lanean bertan. 

Elkar taldea 70. hamarkadan jaio zen, Iparraldean Elkar argitaletxea, Donostiako alde zaharreko Bilintx liburu denda eta Zabaltzen banatzailea sortzearekin batera. Ordutik, Elkar “euskal kultura”ren produktuen sortzea eta salmenta baino gehiago den negozio bat da. Elkar Fundazioaren giza helburura kultura industrian zentratzen da. Euskararen eta euskal kulturaren garapena du helburu nagusi, negozioaren garapena eta euren enpresa helburuak honetara bideratuta daudelarik. 

(Irakurri +)

Inklusibitatea eta euskal kultura ardatz Usurbilgo proiektu berrian

Hutsik dagoen Usurbilgo Michelingo lurzoruan kokatuko dituzte Gureak-ek eta Elkar Fundazioak euren jarduera nagusiak epe laburrean, eta proiektu sozioekonomiko honen garrantzia eta izaera estrategikoa nabarmentzeko helburuz, agerraldi bateratua egin dute gaur goizean Gipuzkoako Diputazioak, Usurbilgo Udalak, Gureak-ek eta elkarrek. 

(Irakurri +)

“Ondo Egindako Lana” omenaldia elkar Fundazioari

Eibarko Armeria eskolak elkar Fundazioa omendu du gaur “Ondo Egindako Lana” programaren baitan. Armeria eskolakoen hitzetan, arrazoi hauek direla medio omendu nahi izan dute elkar Fundazioa: “enpresaren izaera eta ereduagatik, ekonomia kulturaren zerbitzura jartzeagatik berrinbertitze politika dela medio, euskara eta euskal kultura oinarri bezala hartzen duelako, arlo sozialaren kudeaketa parekidearengatik, azken urtetan lortzen ari den garapen eta helburuengatik”. 

Armeria eskolaren “Ondo Egindako Lana” programan, lan esparru anitzetako profesionalek euren ideiak eta gogoetak elkarbanatzen dituzte ikasleen eta herritarren aurrean. 2015ean jarri zuten martxan eta lanaren eta ahaleginaren baloreak gizarteratuz “ondo egindako lana” etorkizuneko oinarrizko estrategia gisara baliatzea du helburu. Programaren barruan omenaldia egiten zaio eskolak hala erabaki duen pertsona edo entitate bati, eta aukera ematen du hark egindako lana ezagutzeko eta esplikatzeko, eredu izan dadin eta. 

elkar Fundazioaren aurretik jaso dute omenaldia erakundeek –Eusko Ikaskuntza–, enpresako jendeak –Manuel Iraolagoitia, Migel Lazpiur, Antonio Cancelo, Jose Luis Elkor–,ekintzaileek –F. Javier Egurrola, Natividad Garcia, F. Javier Peña–, kirolariek –Jagoba Arraste, Abel Barriola, Gaizka Garitano–, irakasleek –Juan Jose Alvarez–, kazetariek –Mariano Ferrer– edota kulturgileek –Aitor Gorosabel, Xabier Amuriza, Joan Mari Torrealdai–.

Antolatzaileek gogoratu duten bezala, “elkar Fundazioak euskara eta euskal kulturaren garapena kultur industriaren egituratzetik bideratzea izan du helburu, liburu eta musikaren ekoizpena, banaketa eta salmenta biltze dituen egitura integrala eratuz”, eta, besteak beste horrek merezi du ondo egindako lanaren izendapena. 

Argazkian ikus ditzakegu Jon Jaka eta Joxemari Sors elkar fundazioaren sortzaileak eta Markel Olano Gipuzkoako Foru Aldundiko Diputatu Nagusia solasean Joan Mari Torrealdairen gidaritzapean.  

 

2018ko elkar sariak banatu dira

Joxemari Sors (elkar Fundazioaren lehendakaria), Iñaki Egaña (Euskal Memoria Fundazioa), MA Kolektiboa

Ibilbideari elkar sariaren irabazlea  Euskal Memoria Fundazioa izan da aurten

MA kolektiboak Joseba Jaka beka jaso du

Bart elkar sarien hirugarren emate ekitaldia ospatu zen Andoaingo Martin Ugalde Kultur Parkean. elkar Taldeko Zuzendaritzako eta elkar Fundazioko Batzorde Eragileko kideak ekitaldira inguratu ziren hainbat gonbidatuak hartu zituzten arratsaldeko 19:00etatik aurrera. Bertan izan ziren, besteak beste, Aitziber Atorrasagasti (Eusko Jaurlaritza, Kultura saila), Erein argitaletxeko Iñaki Aldekoa, Inaxio Mujika eta Idoia Gonzalez, Alberdaniako Jorge Jimenez, Leire Cancio (Elhuyar), Jose Mari Esparza (Txalaparta), Xabier Mendiguren Bereziartu, Edu Barinaga (ETB), Luix Intxauspe (Udalbiltza), Imanol Esnaola (Gaindegia), Koldo Amezketa (EA), Martxelo Otamendi (Berria),  Mikel Arregi (Nafarroako Gobernua), Estibaliz Alkorta (Eusko Jaurlaritza, Hizkuntza sustapenerako zuzendaria) eta Paul Bilbao (Kontseilua, Idazkari nagusia). 

Kultur ekimena laguntzea da egitasmo honen helburu nagusia, baina baita, komunikazio ikuspegi batetik, elkar egiten ari den lana ezagutzera eman eta Euskal Herriko eragileekin batera partekatzea ere.

Aurtengoan Ibilbideari elkar saria eta Joseba jaka beka banatu dira. Lehena urtero emango da eta bestea bi urtetik behin. (Irakurri +)