Joxemari Iturralde – Jamaikako neska

“Errelatoaren kontua poliedro irregular bat da”

Boxeoaren mundu maskulinoa literaturara ekarri zuen Joxemari Iturralde idazleak (Tolosa, Gipuzkoa, 1951) Perlak, kolpeak, musuak, traizioak (2015) aurreko lanean. Bestelako unibertso bat ageri da Jamaikako neska lan berrian. Bere azken nobelak bezala, Pamielarekin argitaratu du.   

Perlak, kolpeak, musuak, traizioak aurreko lanean bi euskal boxeolari ziren protagonistak. Oraingoan, aldiz, euskal jatorriko emakume jamaikar bat. Begirada aldaketa behar zenuen?
Nobela guztiek izan behar dute ezberdin. Horrek esan nahi du, beraz, begirada ere ezberdin izango dela. Perlak, kolpeak, musuak, traizioak nobelan hiru protagonista zeuden, lagunak izandako bi boxeolari ospetsu eta sendagile bat. Traizio handi baten historia kontatzen zen han. Jamaikako neska nobela honetan, aldiz, ez dago horrelakorik; hemen euskal jatorriko emakume jamaikar batek bere bizitza kontatzen digu, Jamaikan hasi eta Euskal Herrian amaitu arte.

Dafne protagonistaren istorioa darabilzu Euskal Herriko historiaren atal baten kontaketa egiteko; bogako dago errelatoaren gaia. Zure ekarpena egiteko, kanpoan jaio eta hezitako baten begirada hautatu duzu?
Nobela honetan ez dago bakarrik Euskal Herriko historiaren atal baten kontaketa, askoz gauza gehiago ere kontatzen dira bertan. Dafne protagonistak leku askotako istorioak kontatzen dizkigu, ez baita alferrik bizi izan Jamaikan, Argentinan, Mexikon, Holandan, Madrilen, Bruselan, Euskadin… 
Errelatoaren kontu horretan, norberak aurkitu behar du horri buruzko erantzunik zehatz eta egiazkoena. Errelatoaren kontu hori ez da margo edo kuadro batek ematen dizun irudia; ez da txanpon batek dauzkan bi alde edo aurpegi horietako baten aukeraketa egitea; poliedro irregular bat da, alde edo aurpegi asko eta ezberdinekin, alde edo aurpegi horietatik batzuk handiago eta garrantzitsuago izango direnak. Poliedro irregular horren alde edo aurpegi horiek guztiek osatuko dute, azkenean, errelatoaren istorioa. 
Jamaikako neska nobelan pertsonaia ezberdin ugari daude, eta nork bere erantzuna dauka errelatoarekiko.  (Irakurri +)

Joxemari Iturralde: “Uzkudun eta Gaztañaga hasierako bi lagun etsai sutsu bihurtzearen prozesua interesatu zait ”

Joxemari Iturralderen (Tolosa, 1951) bederatzigarren nobela, traizio handi baten istorioa da. Paulino Uzkudun eta Isidoro Gaztañaga boxeolarien arteko harremana arakatu du idazle Joxemari_Iturraldegipuzkoarrak.

perlak,kolpeak,musuak,traizioakKontu asko aipatzen dira liburu honetan, baina zein izan da zure asmoa idazterakoan?

Liburu hau traizioen, engainuen, gezurren inguruan garatzen da. Hori da nobelaren ardatz nagusia. Ugari azaltzen dira eta maila askotarikoak. Handienak Uzkudun eta Goitiren artean, eta Uzkudun eta Izzy Gaztañagaren artekoak dira. Gero, hiru pertsonaia garrantzitsu horien inguruan hainbeste emakume daude, hauek ere askotan engainatuak eta traizionatuak izan direnak.

Zenbat da fikzio eta zenbat historia?

Obra hau nobela da, beraz, fikzioa da. Hala ere, gertakizun historiko ugari eta pertsonaia historikoak azaltzen dira. Hiru urte eman ditut ikertzen, irakurtzen, artxiboetan, liburutegietan, hemeroteketan, hemen Euskal Herrian, Madrilen, Sevillan… Gertakizun historikoak guztiz errespetatu ditut; datak, lekuak… izan ziren bezala kontatuz. Bestea, fikzioa da, nik asmaturikoa, nahiz eta posible den nik asmaturiko hori ere benetan kontatu bezala gertatu izatea. Gero, gainera, giza faktorea dago: pertsonaia nagusi horiek ezagutu zituzten jendearekin egon naiz eta euren lekukotza jaso eta paperera pasatu dut. (Irakurri +)