“Joxe Azurmendi. Euskal pentsamenduaren ur-jauzia” kongresua San Telmo museoan

Gaurko 15:30etatik etziko 14:30era Joxe Azurmendiri buruzko kongresua egingo da Donostiako San Telmo museoan, Jakin fundazioak eta Euskal Herriko Unibertsitateak antolatuta.

Joxe Azurmendi filosofoaren ekarpen emankorra egungo begiradatik aztertu eta lantzea da Jakinek, UPV/EHUk eta Gipuzkoako Foru Aldundiak antolatutako Joxe Azurmendi. Euskal pentsamenduaren ur-jauzia kongresuaren helburua, San Telmo Museoa laguntzaile dela. Izan ere, Euskal Herri garaikideko pentsalaririk oparoena da Azurmendi: filosofia, politika, hizkuntza, kultura eta literatura izan ditu aztergai, diskurtso zehatzak, unean unekoak eta egoerari erantzuten ziotenak, eta arnasa luzeko gogoeta teorikoekin uztartu dituenak. Argitaratu dituen 41 liburuak eta ia 500 artikuluak horren lekuko dira.

Azurmendiren ekarpena hainbat ertzetatik aztertuko du kongresuak. Horretarako, berrogeita hamar aditu elkartuko ditu abenduaren 11tik 13ra Donostiako San Telmo museoan.

Hemen duzu egitarau osoa

Gipuzkoako Urrezko Domina jaso zuen atzo Jakinek

Paulo Agirrebaltzategik, Joseba Intxaustik eta Joan Marti Torrealdaik jaso zuten Urrezko Domina saria “Jakinkide” guztien izenean. Joxe Azurmendik ezin izan zuen ekitaldira azaldu ziatika baten ondorioz baina Alemaniatik bidali zuen eskertza bideoa ikusteko aukera izan zen. Joan Marti Torrealdaik hartu zuen hitza lehenbizi “Jakin euskararen lurralde askean sortu zen, ez inongo probintziatan. Horregatik ulertu izan dugu gure lana, hasieratik, inorena eta guztiena dela, euskaraz izatekotan. Euskaltzale eta herritar guztiekin egoten ahalegindu gara. Kritikoki, maitasunez kritiko”. 

“Euskal kultura eta modernitatea lotzeko egindako lanagatik” jaso zuen Urrezko Domina Jakinek, eta Markel Olano diputatu nagusiak lau ataletan adierazi zuen egin duten ekarpena: «bat, euskarak kultura behar du aurrera egingo badu; bi, kultura horrek moderno, antidogmatiko eta irekia behar du izan, belaunaldi berriei transmitituko bazaie; hiru, unibertsal izateko modu bakarra partikular izatea da; eta lau, partikular izateko nork bere pentsamendu propioa garatu behar du eta mundua nork bere esperientziatik azter-tzeko obligazioa du». 

Ondoren, Jakin aldizkariko kide Alaitz Aizpuruk testu bat irakurri zuen eta jarraian Azurmendiren bideoa ikusteko aukera izan zen. 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

(Irakurri +)

Elkar argitaletxeko 2018ko udaberriko nobedadeak

Elkar argitaletxeak ondorengo nobedadeak argitaratuko ditu datozen hilabeteetan:

LITERATURA

Zaldi mamarroa (Igartza Saria)
Ekaitz Goienetxea

Ehunka gazte hil zituen herrian zaldiak; edo haren gainean etorri zen hiesak. Baina hura ez zen izan belaunaldi motel, triste bat; aitzitik, musika, sexua eta parranda maite zituzten, amets, jolas eta borroka egin zuten, eta bizitzak zekarzkien aukera guztiak deskubritu nahi zituzten. Baita heroina ere.

Hainbat ahotsez osaturiko lan koral bat da hau: Izaro eta Unatz, Gaizka eta Itzi, Mikel eta Sonia, Aingeru eta Joxemigel… Haien guztien oroitzapenak eta bizikizunak josiz ondu du Ekaitz Goienetxeak bere estreinako eleberria, 80ko hamarkada eta gaurko garaia, Uria eta Herria lotzen dituena; gordina eta zikina batetik, lirikoa eta ederra bestetik

Neska bat leku inposiblean
Xabier Amuriza

Zamorako apaiz-kartzelan, Euskal Herriaren aldeko eta eliz hierarkia konplizearen kontrako borrokan sarturiko apaiz talde bat daukate giltzapeturik. Beste edozein presok bezala, ordea, haiek ere ihes egin nahi, eta 1970. urtean tunel bat hasi dira egiten, lurpean eskabatuz.

Oinarri historiko zehatz eta egiazko horren gainean eraiki du Xabier Amurizak (bera ere abade presoen talde horretako kide izana) eleberri hau, baina elementu fantastiko bat erantsiz: neska bat agertzen da espetxe barruan, apaizei beren ihes-ahaleginean laguntzeko. (Irakurri +)

Joxe Azurmendiren “Beltzak, juduak eta beste euskaldun batzuk” liburuaren kapitulua: Asterix

Asterix le Gaulois komiki bat da, mundu guztian gustatua. Baina ez da komikia soilik. Batez ere da aspaldiko mito historiko bat, bertsio modernotuan. Eta da filosofia bat guztiz arriskugarria piluletan kontzentratua: honi ez baitiogu erreparatu ohi, heroi galiarraren zirkun-zarkunak dibertiturik segitzen ditugun bitartean. Irakurleak ohartu ere gabe, umorezko figuren mozorro maitagarrienen pean, umore oso gutxiko filosofia politikorik nazionalistena antzezten da haren begien aurrean.

Asterix eta Obelixen istorioak bi molde hauetako batekoak izaten dira: edo bi heroiek atzerrira joan beharra izaten dute, eta, mundua konpondu eta gero, garaipentsu itzultzen dira etxera; eta herrixka galiar osoak heroien itzulera oturuntza nazional handi batekin sulamaren birundan ospatzen du. Edo atzerritarrak, jeneralean erromatarrak, auzunean muturra sartzen lotsagabetzen dira, eta bi heroiek, sekulako pandemonium batean kristoren egurrak eskuin-ezker banatuz, zapartatuta uzten dituzte erasotzaileak; eta herrixka galiar osoak heroien garaipena oturuntza nazional handi batekin sulamaren birundan ospatzen du. Azkenekoa, garaipena eta oturuntza, elementu faltaezinezkoa da Asterix eta Obelixen istorioetan: borrokaren ondoren garaipenak eta euskaristia nazionalaren ospaketak etorri behar du. “Le jour de gloire est arrivé…”

Lehenengo eredua denaz bezainbatean: Asterix eta Obelix ez dira inoiz euren borondatez ateratzen ergoien arkadikotik. Tribuko buruzagiak edo druidak misio bereziren bat gomendatu dielako joaten dira atzerrira. Ez bedi pentsa Frantzia kolonialista denik. Aljeriara edo Indotxina/Vietnamera, etab., etab., historiak gomendatu dien misio zibilizatzailea konplitzera bakarrik joan dira beti frantsesak. (Irakurri +)

Elkar argitaletxeko udaberriko nobedadeak

Elkar argitaletxea buru-belarri ari da lanean argitarapen berriak kaleratzeko. Dagoeneko udaberri honetako nobedade zerrenda zehaztuta du, eta datorren astean  hasiko da liburu berri horiek aurkezten; lehena Kattalin Miner-en Nola heldu naiz ni honaino liburua izango da.

HELDUENTZAKO LITERATURA

LITERATURA
Nola heldu naiz ni honaino – Kattalin Miner (Igartza Saria)
Nobela
Kaleratze data: otsailak 16

Enpresan mailaz eta soldataz igotzea, herentzia bat jasotzea, etxe bat erosi ahal izatea, lagun ugari edukitzea… Arrakastaren laukitxo guztiak beteak ditu Jezabelek, argi du zer nahi duen bizitzan eta zirt-zart hartu ohi ditu erabakiak. Halako batean, ordea, txikikeria batekin paralizaturik geratuko da.

 

 

Koadernoa zuri – Arantxa Iturbe
Nobela
Kaleratze data: martxoak 9

Bi ahizpa, urtetan elkar ikusi ez dutenak, bat-batean amaren heriotzak berriro elkartu dituen arte. Asko dute batak besteari esateko, urrun egon diren bitartean bakoitzari gertatu zaizkionak, eta baita lehenagotik nork bere kolkoan gordetakoak ere. Otzan eta esanekoa izana da bata, errebelde eta lotsagabeagoa bestea, ama estu eta zurrunaren alabak biak ere.

 

(Irakurri +)

Joxe Azurmendi: “Nazionalismo espainola nazionalismo frantsesaren kopia txar bat da”

Joxe AzurmendiHistoria, arraza, nazioaLiburu berri bat dakar Joxe Azurmendik, Historia, arraza eta nazioa kontzeptuak aztertzen dituen saiakera mardula, nazionalismoaren inguruko topikoak jorratuz eta bereziki intelektual frantsesen lanak arakatuz.

Liburu hau urteetako lanaren emaitza dela nabari da, irakurtzen hasi orduko. Noiz bururatu zitzaizun ideia, noiz berotu zinen eta idazten hasi, nolakoa izan da prozesua?

Nazionalismoaren inguruan materialak biltzen aspaldi hasi nintzen, libururen bat egiteko asmorik gabe. Hau liburu hau idazteko ideia, hemengo sasi-ilustrazio autokonplazienteagatik sortu zen. Baina behin eta berriro eten eta berrasi eta berriro eten eta berrasi ibili behar izan dut, hamarren bat urte luzatu da. Buruhauste handia, esku artean nuen material pila egituratzeak eman dit. Beste pila bat kanpoan gelditu da.

Nazionalismo espainola orain baino lehen jorratu eta kritikatu izan duzu; nazionalismo frantsesaren txanda berez tokatzen zen, ala zergatik iritsi da orain?

Ez nuen inola ere nazionalismo frantsesa maiseatzeko asmorik. Gure artean asko aipatzen diren eta nazionalismo espainola kamuflatzeko erabiltzen diren nazio zibiko versus etniko eta antzeko kontzeptuak egiazko testuinguruan ipini gura nituen. Kontzeptuok euren historian esplikatzea eskatzen zuen horrek.

Xobinismoaren erro luze eta sakon horiek deskubritzeak zu zeu ere harritu zaitu, ala espero zenuen?

Ezagutu, ezagutzen nuen. Hala ere, ezin ukatu Renanen eta zenbait nazionalista frantsesen haize superxobino eta enbusteria intelektual batzuek harritu egin nautena.

Eta, laburtzea zaila den arren, zertan dira nazionalismo espainola eta frantsesa antzeko, eta zertan desberdin?

Nazionalismo frantsesa, pentsamendu bezala, humanistekin hasi da eta gaur arte soka xuxen-xuxen luzean doa, tradizio kultural handia dauka. Nazionalismo espainol klasikoak, inperialak, Italiari eta Portugali hartu zien kultura. Nebrija, etab. Baina bere garaian Espainia ez da modernizatu. Modernizatu nahirik hasi denean Frantziari kopiatzen hasi da, berandu eta gaizki. Nazionalismo espainola nazionalismo frantsesaren kopia txar bat da.

Eta beste leku batzuetako nazionalismoak? Denek ere ipurdian zuloa, ala ñabardurak egitea komeni da?

Nolabait, Europako nazionalismo guztiak nazionalismo frantsesaren eskolan ikasiak dira. Denak eta beti ez dira berdinak, hala ere. Gauza bat da Napoleon III.aren nazionalismo frantsesa Alemaniari erasotzen, beste bat da Jean Moulinen nazionalismoa Frantzia okupatuan alemanei erasotzen. Betiko eznazionalista zeinahi kolorekoentzat izaten dira nazionalismo denak berdinak. Berriki Lidia Falcónek artikulu bat idatzi du Público-n: “El nacionalismo siempre es de derechas”. Hori idazten duena, justu Kataluniako auziaren erdian idatzi ere, bera behintzat ez da beti ezkerrekoa. Bat nazionalismo jakobinoaz oroitzen da eta Frantziako muga naturalen doktrina iraultzaileaz. Kosciuszko nazionalista poloniarra, Engelsen iritzian, gizadiaren heroi bat da, askatasun eta berdintasunaren gudaria. Garibaldi gogoratzen dugu Italian, eta Cattaneo eta Pisacane eta Giuseppe Ferrari. James Connolly Irlandan, gero Frank Ryan, G. Gilmore, Peadar O’Donnell. Estreinako kibbuzniki sionistak Israelen, anarko-komunistak. Manabendra Nath Roy antikolonialista indiarra, “ekialdeko Marx” Leninen esanean. Stalin bera, Andreu Nin, Tito, Ho Chi Minh, José Martí eta Fidelen “Movimiento 26 de Julio”, Mandela, gaurko mugimendu bolivaristak, etab., etab. Estatuaren nazionalismo dominantea ukiezintzeko topiko usteletako bat da a priori “beste” nazionalismo denak estigmatizatzea. (Irakurri +)