Jasone Osororen “Eskularru beltzak” bildumako “Casting-a” liburu berriaren aurrerapena

Eskularru beltzak - Castinga“Bazen behin… Ez. Baziren behin bi pertsona nazkagarri, higuingarri, arbuiagarri, desleial.”

Beirek paper zuri batean okatu zituen amorruak eragiten zizkion minak. Karrek bidalitako argazkia ikusteak botagura eragin zion. Lete eta Baba elkarrekin. Noiztik? Zergatik? Ezin zuen sinetsi. Baba boxeo jaialdian ez egoteak eta bere hitza ez betetzeak min egin zion, baina, azken batean, hura ezezaguna zuen. Leterena oso bestelako kontua zen. Ustez bere lagun mina.

Ustez bere konfiantzazko laguna. Ustez inoiz engainatuko ez zuen adiskidea. Ustez. Usteak erdia ustel esan ohi da, eta une hartan horixe zen Beirek pentsatzen zuena. Ezin zela inorekin fidatu. Bizitzan kaka zaharra besterik ez zegoela. Ezertarako gogorik gabe zegoen, inor ikusteko gogorik gabe, ezer egiteko, inora ateratzeko gogorik gabe. Negar ere ez zuen egin. Ez zien plazer hori eman nahi bi mutilei. Bere bizitzan horren inportanteak ez zirela adieraziko zien, ez zeukala haien beharrik. Bera, Beire, nahikoa indartsu zela edozeri aurre egiteko. Bere barruan negar zotinka ari zen ume txikia zegoen arren, kanpora begira Beirek betikoa izan nahi zuen, betikoa izaten jarraitzen zuela azaldu. Lady Beire. Bere larruzko txuparekin. Bere ohiko indarrarekin.

Babak eta Letek ez zuten argazkien berri. Ez zekiten Beire haien arteko harremanaren jakitun zela, eta neskak ez zuen asmorik ezer esateko. Momentuz ez behintzat. Azazkalak horrenbeste jatearen ondorioz hatzak txikituta zituen, odoletan, minez. Komunera joan zen, botika hartu zuen hatzetan jartzeko eta etxetik atera zen, eskolara bidean. (Irakurri +)

Jasone Osororen “Eskularru beltzak” liburuaren aurrerapena

Larruzko txupa kendu zuen. Zutik jarri zen eta, platera bere burutik behera bota ondoren, kamiseta tirantedun beltza zopaz blai geratu zitzaion. Isiltasuna jangelan. Inor ez zen larritu. Inor ez zen barrez hasi. Inork ez zion errietarik egin. Eta huraxe izan zen Beirerentzat okerrena, jendearen indiferentzia. Gurasoek ingelesa ikasteko barnetegi hartara bidaltzea baino amesgaizto handiagorik ezinezkoa zen. Uda hura bere bizitzako gorrotagarriena izango zela pentsatu zuen. Fuck!

Ispiluari begira, une hartan ikusten zuena ez zuen batere gustuko. Fideoek bere kamisetan “Tuntuna” hitza osatzen zutela iruditzen zitzaion eta bat-batean azkura sentitu zuen gorputz osoan. Hotza. Biluztu egin zen, pijama jantzi eta ohera sartu zen. Sakelakoa izango balu, Leteri idatziko lioke. Leteri kontatuko zion leku hura zerua zela, aingeruz betea, eta Letek irribarreak bidaliko zizkion, malkotan, eta suzko bola bat, Letek bazekielako Beirek infernua nahiago zuela. Izan ere, Lete, Beire eta Kar ziren Sua taldeko kideak. Eskolako talderik arrakastatsuena. Mundu guztiak miresten zuena. Mundu guztia ikaratzen zuena. Leteri eskatuko zion joateko barnetegira bere bila. Sartzeko irakasleren baten gelan eta jartzeko haren burkoaren azpian igel bat. Edo arkakusoren bat zapatetan. Pentsatze hutsarekin imajinatzen zituen barrez Lete eta Kar. Kar beti barrez, noski, kar kar. Haien falta sumatu zuen. Barnetegian ez zeukan lagunik. Ez zuen lagunik egin nahi. Onartzen zuen interes txikiena ere ez ziola inork sortzen. Askoz dibertigarriagoa zen Pokemonak ehizatzea, barnetegi hartan zeuden neska-mutilekin edozertan aritzea baino. (Irakurri +)

Banpiro istorio zirraragarri bat

argixorginArgixorgin, Joseba LarratxeBatek ez daki banpiro eta sorgin istorioek zenbateraino sortzen duten beldurra, eta noraino ez ote dauden folklore bihurtuta; nolanahi dela, bistan da erakargarriak izaten jarraitzen dutela, bai zineman bai literaturan, batik bat gazte jendearentzat. Hala ere, egia da euskal literaturan gutxi samar landu izan direla terrorezko kontakizunak gazteentzat. Azkenaldiko lanen artean Asier Mendozaren Beste gu aipa genezake, Jon Eugiren Zortzi ipuin gotiko, eta hemen komentatzera goazena: Argixorgin, Esti Vivancok eta Joseviskyk eskuz esku sortu duten nobelatxo bikaina.

Gazteak dira egile biak. Esti Vivanco idazlea 1989an jaio zen Bilbon, eta hauxe du argitaratzen duen lehen lana. Joseba Larratxe “Joseviskyirundarra, berriz, 1985ean sortua da, komikian nahiz ilustrazioan bere trebetasuna erakusten ari dena.

Eta zer kontatzen du Argixorgin honek? Genero bat baino gehiagoko osagaiak ditu liburuak. Protagonista aurkezten zaigu hasieran, Illare, neskatxa lotsati bat, ahoskatzerakoan arazoren bat duela-eta gorriak ikusten dituena, ikaskideek barre egiten diotelako. Konplexu bat gainditu behar duen gaztearen gaia daukagu hor, batetik; bulling-aren itzala, bestetik. Illarek, zorionez, badu adiskide min bat, Nikole, zailtasun guztien aurrean lagunduko diona, baita maite duten gurasoak ere. Hain zuzen, gurasoek ekarriko diote logopeda bat, Agate, ahoskatze arazo hori konpontzen laguntzeko. Ederra bezain liluragarria da Agate, baina hura etxean sartu bezain laster igarriko dio Illarek zerbait okerra… (Irakurri +)