Literaturia 2019 badator!

2019ko maiatzaren 10etik 12ra bitartean hitzordua daukazu Literaturiarekin, euskal letren plazarekin, Zarautzen. 

Egitarauaren baitan, Elkar Argitaletxearen hainbat liburu aurkeztuko dira larunbatean, maiatzaren 11an, Garoa Liburudendan: 

 

11:00 – Ez da erditzea – Ione Gorostarzu

Amatasuna gai zentraltzat hartzen duen poema-bilduma: ama bihurtu aurreko emearen sentipena; haurdun bihurtzeak sortzen dituen larritasunak, pozak eta beldurrak; ama bilakatzearen sentimendu kontraesankorrak, maitasun eta ukazioen koktelaz; norbere amarekiko alaba izateak dakartzan buruhausteak…

 

 

 

 

 

(Irakurri +)

Ione Gorostarzu: “Denbora behar izan dut ohartzeko hau ez dela hautu pertsonala”

 

Zazpi urte dira zure lehenengo poema-liburua kaleratu zenuela, Des egiten. Bigarren honetara iritsi bitartean, idazten aritu zara? Beste zeregin batzuetan…?

Egia esan, idazteak ez du tarte handirik izan nire bizitzan azken urte hauetan, nahiz eta idazteari inoiz ez diodan utzi. Poema solteak idazten aritu naiz, baina buruan proiektu bat edo liburu bat buruan izan gabe; gehiago nire unean uneko beharren arabera, niretzako, oso era soltean eta tarte motzean.

Bestela, ba lanean aritu naiz, irakaskuntzan, eta, horrez gain, urte hauetan bi seme izan ditut eta zaintza lanetan aritu naiz. Niretzako oso denbora gutxi izan dut, eta barne borroka handia izan dut horrekin. Haur txiki batek 24 orduan behar du berekin norbait, eta aldaketa handia da hori: zuretzako hartzen duzun denbora haurrari kendutako denbora bihurtzen zaizu. Orduan, errazago kentzen diozu edo hartzen duzu denbora hori etxetik kanpoko lanerako, edo etxea garbitzeko, hau da, nahitaez bete behar diren eginkizunetarako, idazteko baino.

Aldaketa eta hausnarketa askoko urteak izan dira, lehentasunak birdefinitu behar izan ditut, eta liburu hau bada, nolabait esateko, itzulera bat ere: erabaki dut idatzi nahi dudala, tartea eman nahi diodala nire bizitzan idazteari.

(Irakurri +)