Unai Elorriaga: “Indarkeria beti egon da presente, eta pertsona moduan, markatu egin gaitu”

Iazko hezurrakUnai ElorriagaBuruarekin ez ezik, tripekin irakurtzen da Unai Elorriagaren Iazko hezurrak bosgarren nobela. Indarkeriak, exekuzioak, torturak ditu kontagai, hausnargai eta sentigai.

Lobo Antunes sarri aipatzen duzu liburuan, hauxe irakur liteke: “Lobo Antunesek esaten du asko idazten zuela sasoi hartan, baina oraindik ez zuela nahi zuena idatzi, ez zuela topatu, horregatik ez zuela ezer argitaratu. Esan zuen, ordea, ume haren hanka hila ikusi zuenean ulertu zuela zer idatzi behar zuen, iazko hanka hila, orduan idatzi eta publikatu zuen lehen liburua, Memoria de elefante, umearen hankari begira”. Zerk bultzatu zaitu zu Iazko hezurrak nobela, gerra-indarkeria, hilketak eta torturekiko obsesioa duen Irene Arrias pertsonaiari buruzko  nobela idaztera? Halaxe diozu Arriasi buruz: “Indarkeriari  begira ari zen azken urteetan Irene Arrias, ETAren 2006ko su-etenetik beharbada, ez zekien zergatik, (…) ez zekien zertarako.

Iruditzen zait aspaldi  daukadala oso barneratuta niretzat esentziala denari buruz idatzi nahi dudala; horregatik idatzi izan dut beti heriotzari buruz, gaixotasunari buruz, familia, haurtzaroa, zahartzaroa… Indarkeria ere, guk hala bilatu ala ez, esentziala da guretzat, munduko zati honetan bereziki. Modu koordinatuan pentsatzen hasi ginenetik daukagu ondoan presentzia hori: diktadura baten muinean jaio ginen, haren ondorioak pairatu behar izan ditugu, diktadorea bizi zela eta desagertu ondoren ere, ETA, GAL, Batallón Vasco Español, Triple A, etab. Munduak ere inguratu gaitu indarkeriaz, ezagutzen ditugu (ez daude hain urrun) Argentinako zerrendetan egon zirenak, Perun, Kolonbian, afrikarrak ere ezagutzen ditugu, han gertatu zirenak ezagutzen ditugun bezala… Komunikabideek indarkeriaren berri egunero ematen diguten arren, salbuespen moduan tratatzen dute, pilula solteak balira bezala. Indarkeria, baina, ez da salbuespena, inoiz ez da izan. Horri guztiari buruz gogoeta egin behar zela iruditu zitzaidan.

Munduaren jostura miserableenak erakutsi dituzu, gerren loturak, asasinatzeen antzekotasunak… Uganda, Kolonbia, Palestina, Errusia, Alemania, Irlanda, Liberia, Peru, batez ere Ruanda, Euskal Herria… Konparagarriak al dira indarkeriak?

Egia da harritu egiten nautela hizlari batzuek, arrazoi gisa jaurtitzen baitute egoerak ezin direla konparatu, oso desberdinak direla hau eta beste hori… Konparatu, ordea, guztia konparatu ahal da; beste kontu bat da ateratzen diren ondorioak, berdintasunak topatzen diren, antzekotasunak, modu globalean edo bazterreko ezaugarrietan diren berdinak edo antzekoak konparatutakoak… Beste modu batera azaldu beharko litzateke beharbada: indarkeria desberdinak (edota leku desberdinetan izandako indarkeriak) elkarren ondoan jarri ditut. Ez dut, ostera, ondoriorik eman, nahikoa modu aseptikoan eman ditut, irakurleak sor ditzan ondorioak, hala nahi badu, edo nirekin batera egin dezan hausnarketa. (Irakurri +)