Lander Garro: “Emoziotik hitz egin behar du idazleak, ez dogmatik”

Gerra txikiaLander Garro Bere inguruko mundua behera etortzen ikusten duen haur baten bizitza kontatzen digu Lander Garrok (Orereta, 1975) Gerra Txikia (Susa) kaleratu berri duen azken nobelan. 

Errenteriako den baina Iparraldera bizitzera joan den errefuxiatu baten semearen azalean sartzen zara. Zer du zutaz haur horrek?

Asko dauka autobiografikotik liburuak, eta, beraz, asko dauka nigandik Xabi Ugartek ere. Nik nire haurtzaroan bizi izan nituen zenbait gertakari terrible bizi ditu berak ere, tartean heriotza, abandonua eta kartzela. Baina ez da liburu autobiografikoa, nobela da, eta nobelagilearen askatasuna izan dut ni izan nintzen haurrarekin pertsonaia bat sortzeko, nobelaren logikaren baitan ni neu baino hobe egokituko zena, modu interesgarriago batez seguruen.

McCarthy-ren zita honekin abiatzen da liburua: Gogoratu behar ditugun gauzak ahazten ditugu eta ahaztu behar ditugunak gogora ekartzen zaizkigu. Gero, istorio barruan, aitonak esaten du: Hiru urteko gerra eta berrogei urteko isiltasuna. Horra izuaren boterea. Badirudi ahanzturak kezkatzen zaituela, ezta?

Politikaren joko-zelaian hitz gakoa da memoria, eta, ondorioz, balak edo bonbak balira bezala erabiltzen dira, erasotzeko, iraintzeko, umiliatzeko. Eta memoria, ia beti, menperatzailearen esku dagoen kontakizuna da. Beti dago egia ofizial bat, behin eta berriz aditzen duguna, eta beste bat, menperatuon etxeko abaroetan gordetzen dena. Eta nobelagilearen betebeharra abaro edo ezkutaleku horretan sartu eta hango egiak lozorrotik esnatzea da. Egia ofizialak ez dioen hori esatea, alegia. Egia ofizialak ezin du literatura izan. Propaganda da.

Bigarren zita, Faulknerrek esanda, zera da: Bere deabruek menperatutako izakia da artista’. Liburu honekin zure deabru batzuk menperatzen saiatu zara?

Dudarik gabe, bai. Ume nintzela heriotza aurrez-aurre ikusi nuen. Umeek uste dute gauzak gertatzen direla hala gertatu behar dutelako, hala direlako, hala izan direlako betitik. Beraz, gerra bizi duen haurrarentzat, heriotza gauza normala da, hura mingarri izan arren. Ez da denbora asko horretaz ohartu naizela, eta banuen heriotza bere tokira, berez dagokion toki bazterrekora itzultzeko premia. (Irakurri +)