Bakardadezko hiru istorio txirikordatu, Garazi Kamioren lehen eleberrian

Garazi KamioGarazi Kamiok Orube abandonatuak eleberria kaleratu berri du, iaz irabazitako Augustin Zubikarai sariaren fruitua. Elkarrekin txirikordatzen diren hiru kontakizun, bakardadearen gordina pairatzen duten hiru pertsonaia, nora joan ez daukatenen hiru deserri. Horra Garazi Kamiok bere lehen eleberri honetan eskaintzen diguna, galtzaile guztiekiko sentiberatasunez eta aldarririk gabeko patetismoz.

Lehenago ipuin-liburu bat idatzi zenuen, eta orain nobela. Bilakaera bat da? Aurrerapausoa? Bi lan klase? Zertan dira desberdintasunak?

Ipuin laburretatik nobelara pasatzea aurrerapausoa izan da. Orain arte eskema itxi eta laburrak sortzen nituen istorioak osatzerako garaian. Orain, aldiz, eskemak zabaldu egin ditut.

Hala ere, nobela hau hiru istorio txirikordatuz osatzen da: zerk egiten du, hortaz, kontakizun bakarra? Zer da Orube abandonatuak?

Orube abandonatuak nobela, denboran elkarrengandik urrun dauden hiru istoriok osatzen dute. Itxuraz desberdinak izan daitezke, baina komunean gauza ugari dituzte. Autore edo egoera bat gogorarazten duten hiru obra edo film dira, esaterako. Elkarren artean txirikordatzen dira eta, esaterako, batentzat huskeria dena, beste pertsonaia batentzat bizirauteko osagai garrantzitsua izan daiteke.

Hiru istorio horiek lekua konpartitzen dute, baina garai desberdinetan gertatzen dira. Zer lokarri gehiago dute? (espiritua, objektu batzuk…)

Hiru pertsonaiek etxe baten orubea konpartitzen dute, garai desberdinetan betiere. Pertsonaia batentzat hutsala den armairua, esaterako, beste batentzat fetitxismoz betetako elementua da; hirugarren pertsonaiarentzat, aldiz, ezinbesteko bihurtuko den altzaria da.

Aipa ditzagun banan-banan hiru istoriook. Lehenengoa, gerraostean kokatzen da, preso eduki duten gizon bat itzultzen da herrira. Zer topatuko du bertan?

Mariok trenez egingo du etxerako bidea. Emaztea zain izango du Tolosako geltokian, baina oinez egin beharko dituzte etxerako hamaika kilometroak. Emaztearen aldetik hoztasuna sentituko du eta ez du ulertuko haren jarrera. Mezua argi utziko dio itzultzen den lehendabiziko egunean: inork ez daki herrira itzuli denik eta lotsa du familiak barruraino sartuta.

Ze dokumentazio-lan egin duzu atal hau idazteko?

Kontzentrazio esparru batean izan nintzen, bertakoak entzuteko. Izan ere, kontzentrazio-esparruetako irudia 2. Mundu Gerrakoa dugu eta gutxi jaso dugu espainiar estatuan lanean egon zirenen inguruan. Gai hori erreskatatu nahi izan dut, sinbolikoki bada ere. (Irakurri +)