Elkar argitaletxeko 2018ko udaberriko nobedadeak

Elkar argitaletxeak ondorengo nobedadeak argitaratuko ditu datozen hilabeteetan:

LITERATURA

Zaldi mamarroa (Igartza Saria)
Ekaitz Goienetxea

Ehunka gazte hil zituen herrian zaldiak; edo haren gainean etorri zen hiesak. Baina hura ez zen izan belaunaldi motel, triste bat; aitzitik, musika, sexua eta parranda maite zituzten, amets, jolas eta borroka egin zuten, eta bizitzak zekarzkien aukera guztiak deskubritu nahi zituzten. Baita heroina ere.

Hainbat ahotsez osaturiko lan koral bat da hau: Izaro eta Unatz, Gaizka eta Itzi, Mikel eta Sonia, Aingeru eta Joxemigel… Haien guztien oroitzapenak eta bizikizunak josiz ondu du Ekaitz Goienetxeak bere estreinako eleberria, 80ko hamarkada eta gaurko garaia, Uria eta Herria lotzen dituena; gordina eta zikina batetik, lirikoa eta ederra bestetik

Neska bat leku inposiblean
Xabier Amuriza

Zamorako apaiz-kartzelan, Euskal Herriaren aldeko eta eliz hierarkia konplizearen kontrako borrokan sarturiko apaiz talde bat daukate giltzapeturik. Beste edozein presok bezala, ordea, haiek ere ihes egin nahi, eta 1970. urtean tunel bat hasi dira egiten, lurpean eskabatuz.

Oinarri historiko zehatz eta egiazko horren gainean eraiki du Xabier Amurizak (bera ere abade presoen talde horretako kide izana) eleberri hau, baina elementu fantastiko bat erantsiz: neska bat agertzen da espetxe barruan, apaizei beren ihes-ahaleginean laguntzeko. (Irakurri +)

Joxe Azurmendiren “Beltzak, juduak eta beste euskaldun batzuk” liburuaren kapitulua: Asterix

Asterix le Gaulois komiki bat da, mundu guztian gustatua. Baina ez da komikia soilik. Batez ere da aspaldiko mito historiko bat, bertsio modernotuan. Eta da filosofia bat guztiz arriskugarria piluletan kontzentratua: honi ez baitiogu erreparatu ohi, heroi galiarraren zirkun-zarkunak dibertiturik segitzen ditugun bitartean. Irakurleak ohartu ere gabe, umorezko figuren mozorro maitagarrienen pean, umore oso gutxiko filosofia politikorik nazionalistena antzezten da haren begien aurrean.

Asterix eta Obelixen istorioak bi molde hauetako batekoak izaten dira: edo bi heroiek atzerrira joan beharra izaten dute, eta, mundua konpondu eta gero, garaipentsu itzultzen dira etxera; eta herrixka galiar osoak heroien itzulera oturuntza nazional handi batekin sulamaren birundan ospatzen du. Edo atzerritarrak, jeneralean erromatarrak, auzunean muturra sartzen lotsagabetzen dira, eta bi heroiek, sekulako pandemonium batean kristoren egurrak eskuin-ezker banatuz, zapartatuta uzten dituzte erasotzaileak; eta herrixka galiar osoak heroien garaipena oturuntza nazional handi batekin sulamaren birundan ospatzen du. Azkenekoa, garaipena eta oturuntza, elementu faltaezinezkoa da Asterix eta Obelixen istorioetan: borrokaren ondoren garaipenak eta euskaristia nazionalaren ospaketak etorri behar du. “Le jour de gloire est arrivé…”

Lehenengo eredua denaz bezainbatean: Asterix eta Obelix ez dira inoiz euren borondatez ateratzen ergoien arkadikotik. Tribuko buruzagiak edo druidak misio bereziren bat gomendatu dielako joaten dira atzerrira. Ez bedi pentsa Frantzia kolonialista denik. Aljeriara edo Indotxina/Vietnamera, etab., etab., historiak gomendatu dien misio zibilizatzailea konplitzera bakarrik joan dira beti frantsesak. (Irakurri +)

Jule Goikoetxearen “Demokrazitazioaren pribatizazioa” saiakera liburuaren inguruko solasaldia Ahotsenean

Jule Goikoetxea politologoak Demokraziaren pribatizazioa saiakera-liburua aurkeztu du, eta aurtengo Durangoko azokara lan honekin gerturatu da. Ahotseneak antolatutako egitarau mardularen barruan, lehen egunean, solasaldia eskaini zuen. Jendez beteriko aretoan, Goikoetxeak bere lanean landutako gai sakonari buruz aritu zen. Ondorengo bideo errenkadan laburbiltzen da bertan esandakoa: 

5. Kapitulua – Euskal lurraldea federala, nazioa eta autodeterminazioa. Kapitulu honek balio du ezinbestean ulertzeko zein arauenpean bizi garen.

(Irakurri +)

“Nora goaz euskalduntasun honekin?” liburuaren laburpena 23 ideiatan

Joxe Manuel Odriozolak Nora goaz euskalduntasun honekin? (Elkar) liburua kaleratu berri du. Hizkuntza, kultura, identitatea, nazioa, elebitasuna eta kultura-bitasuna, diglosia, ideología, hegemonía, folklorizazioa… hainbat kontzeptu jorratzen ditu Odriozolak, hango eta hemengo autoreen aipuetan oinarrituta, zorroztasun intelektuala eta herrien aldeko jarrera militantea uztartuz.

Autoreak 23 ideiatan laburtu du lan berri hau:

– Liburu honetan azken hamarkadetan EAEn aplikatu den hizkuntza politika aztertu nahi izan dut nazionalismoaren teoriko batzuek landu dituzten tesien argitan.

– Eusko Jaurlaritzak indarrean daukan hizkuntza politikak sortu duen euskalduntasunaren gabeziak azaleratu nahi izan ditut.

– D ereduaren emaitza txarrak izan ditut akuilu, EAEn akademikoki ikasi bai baina euskara oso gutxi erabiltzen den hizkuntza delako.

– Ebidentzia soziala da D ereduak sortu dituen belaunaldi euskaldunen euskalduntasunak ez duela funtzionatzen; edo, hobeki esanda, euskarak eskolako hizkuntza akademiko formal gisa baizik ez duela funtzionatzen.

– Sortu dugun euskalduntasunak ez du balioa euskara normalizatzeko, ez du erabilerarik sustatzen eta bermatzen, ez du ikasleen euskal identitatea garatzen, ez du balio euskaraz bizitzeko.

– D ereduko ikasleen euskalduntasunak oinarrizko bi eskakizunetan huts egiten du: a) batetik, ez ditu behar adinako gaitasun komunikatiboa (erraztasuna) duten hiztunak sortzen; eta, bestetik, eskolak sortzen dituen erdal elebidunen identitate eta atxikimendua ez da euskaltzaletasunean oinarritzen. (Irakurri +)

Elkar argitaletxeko udaberriko nobedadeak

Elkar argitaletxea buru-belarri ari da lanean argitarapen berriak kaleratzeko. Dagoeneko udaberri honetako nobedade zerrenda zehaztuta du, eta datorren astean  hasiko da liburu berri horiek aurkezten; lehena Kattalin Miner-en Nola heldu naiz ni honaino liburua izango da.

HELDUENTZAKO LITERATURA

LITERATURA
Nola heldu naiz ni honaino – Kattalin Miner (Igartza Saria)
Nobela
Kaleratze data: otsailak 16

Enpresan mailaz eta soldataz igotzea, herentzia bat jasotzea, etxe bat erosi ahal izatea, lagun ugari edukitzea… Arrakastaren laukitxo guztiak beteak ditu Jezabelek, argi du zer nahi duen bizitzan eta zirt-zart hartu ohi ditu erabakiak. Halako batean, ordea, txikikeria batekin paralizaturik geratuko da.

 

 

Koadernoa zuri – Arantxa Iturbe
Nobela
Kaleratze data: martxoak 9

Bi ahizpa, urtetan elkar ikusi ez dutenak, bat-batean amaren heriotzak berriro elkartu dituen arte. Asko dute batak besteari esateko, urrun egon diren bitartean bakoitzari gertatu zaizkionak, eta baita lehenagotik nork bere kolkoan gordetakoak ere. Otzan eta esanekoa izana da bata, errebelde eta lotsagabeagoa bestea, ama estu eta zurrunaren alabak biak ere.

 

(Irakurri +)

Iban Zalduari elkarrizketa “(Euskal) literaturaren alde (eta kontra)”ri buruz

Euskal literaturaren_AZALAIban ZalduaIban Zaldua (Donostia, 1966) ipuingile gisa da batez ere ezaguna, baina literaturari buruzko kritikak, iritziak eta gaiztakeriak botatzea ere gustatzen zaio, seriotan bezain brometan, eta horren erakusgarria da atera berri duen saiakera: (Euskal) literaturaren alde (eta kontra).

Nola definituko zenuke (euskal) literaturaren alde (eta kontra), zure azken liburua?

Modu ezberdinetan. Testu kritikoen eta jostagarrien nolabaiteko bildumatzat har daiteke. Edo manifestuen nolabaiteko manifestutzat. Edo literaturaren aldeko nolabaiteko aldarri apokaliptiko baina ez etsitzat. Edo literatura serio eta literatur agenteak ez horren serio hartzeko nolabaiteko ahalegintzat. Uste dut hitz gakoa hemen “nolabaiteko” dela, edonola ere. (Irakurri +)