# traola gazteentzako bilduma berria

#traola hitzak aurrerantzean badu beste aldaera bat: Elkar argitaletxeak gazteengan pentsatuz sortutako bilduma berria, gaurkoa. Saretu zaitez gurekin!

FESTA Jasone Osoro
Gazteei zirrara eragingo dioen istorio honi ez zaio egiantzik falta

Sofia eta Andrea bizitza berri baten atariko ilusioarekin joan ziren inguruetako udako festarik sonatuenera. Gogoa eta gorputza aske utzita, Sofiak eta Ivanek ezin izan zioten ezetzik esan elkarrenganako erakarmenari. Sexua izan zuten. Badago hamasei urterekin haurdun geratzen den neskarik.

MALKOAK EURITAN Jordi Sierra i Fabra
Artista ospetsu baten argiak eta itzalen kronika hunkigarria

Leo Calvert rock abeslaria, hil ondoren, mito bihurtu da, eta haren hilobia ehunka jarrantzaileren erromes-leku. Grace alabak gorroto ditu aitaren heriotza etengabe gogora ekartzen dizkioten omenaldiak. Aitaren mireslea den Normanek, ordea, bizitza aldatuko dio.

Aitari buruz amak ezkutatu dizkion bizitzako pasarteak argitu beharko ditu Gracek.

HORMAK Oihana Iguaran
Eskolako hormak batzuentzat ate zabalak dira, beste batzuentzat egunero gainditu beharreko hesiak

Institutuko sarrerako hormn “Leo puta” idatzita aurkitu dute ikasleek, eta ikusi orduko, azpijanean hasi dira guztiak Leak halako mezua jasotzeko zein arrazoi ote dauden jakiteko. Pintadak, halere, ikaskideen artean dauden beste hamaika horma jarriko ditu agerian.

Denok ditugu iraintzen gaituzten hormak, esamoldeak eta jarrerak.

Elkar diskoetxeko udaberriko nobedadeak

Elkar diskoetxeak 2021eko udaberrian kaleratuko dituen nobedadeen zerrenda kaleratu berri du. Ondorengo hauek dira:

SERGE, Leihotik mundura
Lan berriarekin pauso erraldoi bat eman du SERGE-ek. Gari Berasaluzeren olerki sortarekin ondutako “Enarak itzuli dira” estreinako diskoarekin abiatu zuen bere bakarkako hegaldia. Orain, aldiz, norbere iparrorratza erabiltzearen hautua egin du, bere odol eta izerdiz idatzitako abestiekin, gainezka egiten zieten sentimenduekin, askoz ere proiektu pertsonalagoan.

Debuteko lanean bezalaxe, Zestoako Gaztain estudioan aritu da grabatzen Eñaut Gaztañagaren gidaritzapean, 2020ko ekaina eta uztaila bitartean. Zortzi dira “Leihotik mundura” osatzen duten abestiak. Entzulea konplize eta bidaide hartzeko adina indar duten istorioak dira, luma delikatuarekin eta poetikoarekin idatziak. Bere doinuek, badute argi izpirik behelaino artean. Itxaropenari zabalduta dagoen leihoa ere bada mundura atera duena, udaberrian berriro enarak itzul daitezen. Baldin eta inoiz joan badira… (Irakurri +)

BAT! taldearen liburuaren hiru kapitulu

BIZIKLETA, AUTOBUSA ETA ESKOLAKO HANDIKIAK

Ezagutzen zuen beste inor baino hobeto moldatzen zen Ruth bizikletan. Gai zen gurpil baten gainean ibiltzeko, derrapatzeak egin, eta hiru lehengusuren gainetik salto egiteko (amak hori egitea erabat debekatu zion arte). Mutilak baino azkarrago ibil zitekeen, baita eskuak heldulekuetan jarri gabe ere.

Ruthek maite zuen bere bizikleta.

Ruthen atsekaberako, bere amak pentsatzen zuen arriskutsuegia zela eskolaraino bizikletaz joatea.

Baina hark ez zekien nolakoa zen eskolako autobus gidaria. Autobusera igotzean, azkar eseri beharra zegoen Kawners andreak azeleragailuari sakatu aurretik; bestela, azelerazio indarrak atzeko aulkiraino hegan jaurtitzeko arriskua zegoen. Abiadura mantsotzen zuenean are okerragoa zen: semaforoa gorri jartzen zenean hain zakar frenatzen zuen, aurreko parabrisaren kontra katapultatzen baitzuen ongi helduta ez zegoen guztia. (Irakurri +)

Poetaren musika emari bildua

Xabier Leteren kantutegi musikal poetikoa biltzen duen antologia da Ni naiz, ibilbide oparo bat ardazten duten 22 piezaz osatua

Neguarekin joan zen Xabier Lete, orain dela hamar urte, 2010eko abenduaren 4an. Haren inguruko lanak ugaritzen ari dira aurten, heriotzaren urtemugaren abarora. Bere poetikaren eta idazle lanaren ingurukoak izan dira zenbait, eta orain, aldiz, haren kantugintza zabalaren bilduma antologikoa argitaratu du Elkarrek. Oraintsu arte Elkar diskoetxeko arduradun izan da Anjel Valdesek eta honela idatzi du antologiak dakarren liburuxka mardulean: “Bere kantutegiaren bidez Xabier Leterengana hurbiltzen garenean, konposizio poetiko-musikaletarako duen talentu erraldoiari erreparatu ez ezik, haren pentsamendu sakonaren mamiaz ere jabetzen gara”.

Bi cd-tan bilduta 22 kantuz osaturiko antologia lana da, Xabier Leteren bakarkako lan ugarietatik erauzitako 22 pieza. Beste asko ere izan zitezkeen, baina ibilbide baten arrasto-ardatz nagusiak ezaugarritzen dituzte. 60-70 hamarkadetan Herri-gogoa eta Artezi diskoetxeetan argitaratu diskoetatik, eta gerora Elkar diskoetxean plazaratuetatik aukeratuak, nagusiki. Ez alferrik, bilduma eta lehen cd-a hasten da Letek berak bere buruaz egindako deskripzio poetikoarekin, 1974ko Xabier Lete izenburuko diskoko Ni naiz enblematikoarekin, eta amaitzen da 1992ko Hurbil iragana diskoko Xalbadorren heriotza-rekin. Eta tartean dira Izarren hautsa (Kantatzera noazu, 1976), Haizea dator Ifarraldetik (Lore bat zauri bat, 1978), Ez dut amets haundirik (Kantatzera noazu, 1976), Neguaren zai (Eskeintza, 1991), San Martin, azken larrosa (Hurbil iragana, 1992), Errota zaharra (1965- 1968 artean Loiolako Herri Irratian Joxemari Iriondok erregistratutako saioetatik aukeratua da), Habanera (Eskeintza, 1991) eta Itsasoan urak handi (Kantatzera noazu, 1976). (Irakurri +)

Artearen mugak zabaldu zituen artista

Euskal kulturak erreferentziazko pertsonaia galdu zuen aurreko apirilean. Jose Luis Zumeta artista inportantea zen, 60ko hamarkadako euskal kultura hurrengo mendearekin lotu zuen horietakoa.

Belaunaldi hartako egileek argi utzi ziguten gizartearekin zuten konpromisoa eta arteak kulturako beste esparru batzuekin zuen lotura. 60ko hamarkada une erabakigarria izan zen euskal kulturarentzat, desagertzeko edo etorkizunerako bizirik mantentzeko aukeren arteko borrokan sumatu zuten garaiko egile askok, eta izugarrizko ahalegina egin behar izan zuten aurrera jarraitzeko, aurkako testuinguruaren erdian.

Saiakera horien artean, Zumeta bezalako egileek artistaren lan intelektuala elite baten esku egon behar zuela onartu beharrean, jendearekin sortu eta partekatu behar zela uste zuten, borroka sozialari eta politikoari lotuta. Beraz, artea ahalik eta gehien zabaltzea izan zen Zumetaren garaiko sortzaileen lana. Horregatik, musika edo literaturarekin bat egitea ez zen arrotza artistentzat, idazleak edo musikariak lagunak edo kideak zituztelako. Modu naturalean ulertutako kolaborazio horietako asko ezagutzen ditugu, baina, seguru asko, Zumetak Mikel Laboaren diskoen azaletarako egindakoak izango dira jende gehienak ezagutzen dituen lanak. Hain zuzen, Jose Luis Zumeta izan zen musikariekin edo idazleekin batera lan gehien egin zuen artista. (Irakurri +)

Iñigo Astizek “Joemak eta polasak” lana aurkeztu du Durangoko azokan

Iñigo Astiz idazleak Maite Mutuberriarekin kaleratu berri duen Joemak eta polasak liburua alaiki aurkeztu du Durangoko azokako Ahotsenean. Gazteei zuzendutako lehen egun honetan, jende ugari gerturatu da bertara. Astizek entzulea bereganatu du. Lanean aurkitu daitezkeen hainbat poema irakurri ditu; gainera, horietako bat Mursego abeslariarekin egin du.

Lan berri honen aurrekoazalean honela jartzen du norentzako zuzendua dagoen liburua: ume listoentzat edo heldu tontoentzako poema liburua da hau. Autoreak gisa honetara adierazi du aurkezpenean:

 

 

 

 

(Irakurri +)