Black is Beltza: Lau kantuko biniloa

(lp) black is beltza 2 - ainhoak aurkezten du - BatzukHonez gero ozen esan dezakegu, batere zalantzarik gabe: ez dago euskal kulturan Fermin Muguruzaren Black is Beltza bezain zabal hedatu den unibertso sortzailerik. Luzemetraia bi, komiki liburu bi, erakusketa, diskoak… Eta, unibertsoa dela erakutsiz, zabaltzen jarraitzen du. Oraingo honetan lau kantuko binilo bat kaleratu du, beste behin ere euskaratik abiatuta kalitate handiko proiektua internazionala eta multikulturala dela agerian utzita.

Maxiaren A aldean El Gran Silencio taldea aurkituko dugu. Mexikotik dator bere cumbia vallenato ipar punkekin eta Fermin beraren kolaborazioarekin. Eta, bestetik, Joseba Irazokik Sarri, Sarri, Kriston martxa dabil kanta mitikoaren bertsio apoteosiko bat ondu du. Beratarrak bere ubide musikalera ekarri du Kortaturen doinurik dantzatu eta kantatuena. Emaitza txundigarria da. B aldean, berriz, kantu bi gehiago topatuko ditugu. Batetik, La Basu (Euskal Herria), Wöyza (Galiza) eta TESA (Pais València) emakumezko raperoek beraien powerra aldarrikatu dute, hiru hizkuntzatan aldarrikatu ere, Rap is Beltza abestian.

Bestetik, Bizitza triste eta ederra aurkituko dugu, Negu Gorriak-en Ustelkeria (1996) diskoan agertu zen kanta, Iñigo Muguruzaren ahots eta gitarrarekin. Orain, hip hop erritmo indartsu batekin hornituta, Iñigo anaia zenduaren eta Ferminen arteko topaleku bihurtu da. Maxi honen aurretik, Black is Beltza proiektuaren baitan disko bi gehiago kaleratu dira, pelikula bietako soinu bandak alegia: Black is beltza (2018) eta Ainhoa (2022). Azken hori biniloan ere plazaratu da, lp bikoitza osaturik.

Paradisu Zinema 1. Musika Beka

Atzo, Paradisu zinema, musika beka aurkezpena.

Iñigo Muguruza musikaria gogoan, Elkar Argitaletxeak, EHZ Festibalak eta Antxeta Irratiak I. Paradisu Zinema Musika Bekarako deialdia egin dute, musikarien lanak sustatu eta laguntzeko asmoz. (Irakurri +)

Ikimilikiliklik: Ustekabeko oparia

ikimilikiliklik (2 cd) - Mikel Laboa / Artze Anaiak / J. A. ArtzeUstekabeko oparia da Ikimilikiliklik disko bikoitza. Artze anaiek eta Mikel Laboak 1975-76 urteen aldera zuzeneko kontzertu batean jotako piezak jaso ditu, erresistentzia kulturalaren erakusgarri. Inor gutxik espero zuenean agertu dira eta orain guztion esku daude, hala cd nola binilo formatuan. (Irakurri +)

Mila Moduk “Intra” diskoa aurkeztu berri du

MILA MODU Xabier Yaniz oñatiarrak abian jarritako musika-proiektu berria da. Xabier Yaniz Hor Konpon taldeko abeslaria eta gitarra-jolea izan zen. Andoni Campos eta Oskar Arlanzon Hor Konponeko kide ohiek ere proiektuarekin bat egin dute, Malenkonia taldeko abeslari Roberto Ferreirorekin batera, eta horrela MILA MODU sortu zuten 2019an.

Akustiko formatuan estreinatu ziren “Boza Free” izeneko lehen singlearekin. 2020an, Gaztea maketa-lehiaketan finalista izan ondoren, “Absurdoaren paradisua” izenburuarekin, beraien lehen diskoa kaleratzen zuten ELKAR zigilupean. Orain, beraien bigarren estudioko lana aurkezten dute INTRA izenpean. 10 kantuz osaturiko diskoa non gitarrak nabarmentzen diren, taldeak hain bereak dituen melodia landuekin power pop indartsu bat sortuz. INTRA mintzo da gure baitan erantzunak bilatzeari buruz, ikuspegiak zabaltzeari buruz. Hitzen bitartez biribiltzen dute disko humanistago bat, bizi ditugun garaion eraginez, zalantzarik gabe.

Ruper Ordorikak “Amour eta toujour” izeneko disko berria kaleratu du

Guria ostatuan argitaratu eta bost urtera, kantu berriekin dator Ruper Ordorika. Oraingoan Kubara jo du, eta hango soinuez eta ahairez bustita itzuli da Amour eta toujour diskoarekin.

Kubarekin urteetan izan duzun harremanaren ondorioa da disko berria. Baina noiz eta nola sortzen da disko honen ideia?
Duela hamabi urte biratxo bat egin nuen irlan barrena Matxitxa [Angel Azkarraga] neure adiskide eta manager ohiak antolatua. Kuban bizi da aspaldian, eta askotan antolatu dizkit halako emanaldiak, Habanan gehienetan, eta jo izan dut pieza bat edo beste bertako talderen batekin. Matxitxak esaten zidan: “Ruper, hemengo musikariekin grabatu behar duk!”. Nik barre egiten nion, halako urrun sentitzen nuen jotzeko modu hura! (Irakurri +)

Serge: ‘Musikalki inoren lurretan banengo bezala sentitzen dut ene burua’

Eraso!  rock gogorreko musika taldean ibilbide luzea egina du Sergio Ruiz G-Txabarrik (Zarautz, 1975). Oraindik ere gogoz eusten diote jardunari, baina bakarko ibiliari ere ekin zion duela bi urte. Gari Berasaluzeren poemak ardatz hartuta osatu zuen Enara itzuli dira diskoa. Pandemia garaia baliatu du bigarren lana ontzeko, eta oraingoan berak idatzi ditu kantuak zein hitzak, barneko kezka-bulkadari irteera emanez. Zortzi kantuk osatzen dute Leihotik mundura.

Leihotik begira sortu dituzu kantuok. Zer ikusi duzu pandemia garaiotan?

Bai. Leihotik begira sortu ditut kantuok. Horrexegatik jarri diot izenburu hori. Leiho bat, gitarra, eta nire kezkak. Pandemia garaian egin nituen kantu guztiak. Pertsonalki ez nengoen nire momenturik onenean, gero pandemia heldu zen, eta bat-batean konturatu nintzen gauza asko nituela esateko. Terapia modura erabili dut kantuen sorrera, burua beste leku batera eramateko aukera eman dit. (Irakurri +)