Angela Davis-en biografia

azala_ANGELA DAVIS

Angela Yvonne Davis 1944. urtean sortu zen beltzak ongi etorriak ez ziren Birminghameko (Alabama) auzo batera. Frankek, Angelaren aitak, gasolindegi bat izan zuen irakasle izan aurretik. Angelaren ama Sally ere irakaslea zen, eta biak ala biak, baina batez ere Sally, beltzen eskubideen aldeko ekintzaile sutsuak ziren.

Garai hartan, marra zuri batek bereizten zituen beltzen eta zurien kaleak, eskolak, komunak, iturriak, jatetxeak eta zubiak. Zuriei egun on esanez eta bueltako agurrik jaso gabe eman zuen haurtzaroa.

Beltz izan aurretik Angela Davis ikusezin izan baitzen.

Davistarren auzoa Dynamite Hill izenez egin zen ezagun. Baina auzoak izen hori hartu aurretik iritsi ziren davistarrak hara. Haiek ziren bertan bizi zen beltz familia bakarrenetakoa eta zuriek inbasio beltz baten lehen tanta bezala hartu zituzten. Zuriak handik alde egiten hasi ziren eta beltz gehiago etortzen etxe zaharrak erosi eta berritzera. Halako batean erreberendo beltz bat eta bere emaztea iritsi ziren muino hartara. Eta etxe bat erosi zuten, ez azal kolorearen arabera zegokien lur zatian, baizik eta marraren bestaldera, zurien aldamenean. Keinu hura gerra deklaraziotzat hartu zuten arrazistek. Angelak bost urte zituen bainu bat hartzen ari zela leherketa ikaragarri bat entzun zuenean: oihuak eta nahas-mahasa, jendea batetik bestera lasterka eta heriotza kontuak guztien ahotan. Ondoren jakin zuen erreberendoaren etxea zartarazi zutela. (Irakurri +)

Marisol Bastidaren “Memoriak. Mikel Laboaren biografia bat” liburuaren hitzaurrea

MemoriakMikel LaboaLiburu honek 1950tik (Mikelek eta biok elkar ezagutu genuen urtetik) 2008ra arteko (elkarrengandik urrundu behar izan genuen urtea) garaia hartzen du. Dena dela, denboran atzerago ere jotzen du, gure haurtzaroaren eta gizartearen nahiz familia-egoeraren berri emateko, gaingiroki bada ere. Ezinbestekoa iruditu zait hori, gure txikitako garaia eta giroa ezagutzea alegia, hala hobeto neurtzen baita Mikelek hartu zuen bidea, batik bat 1962tik aurrera.

Aspalditik dator honako asmo hau; izan ere, uste dut oharkabean hasi nintzela oroitzapen hauek “eraikitzen” hirurogeiko hamarkadaren lehen partean, Mikel gero eta gertuagotik ezagutu ahala. Nolakoa zen, zer egiten zuen eta, nire iduriko, zer egin zezakeen ikusten hasi nintzenean ekin nion bilketari: hala diskoak, nola dokumentuak eta elkarrizketak (egiten ari zena ongi erakusten zutenak batez ere), artikuluak, gutunak (gutxi, haietako asko galdu baikenituen gure etxe-aldaketa sarrietan) eta beste zenbait lekukotza eta oroitzapen. Lan horretan jarraitu nuen hirurogeita hamarreko hamarkadan, eta gero eta gogotsuago eta sistematikoagoko laurogeikoan.

Hamarkada horren ondoren, nire “artxiboak” ugaritzeaz gainera (kontzertu bakoitzaren datu mordo bat jasoz, kritikak bilduz…), hirurogeiko hamarkadan idazten hasia nintzen oharrak ere osatzen hasi nintzen, esperientziak, iruzkinak, gogoetak… gehituz. Pixkanaka, ohar haiek koaderno bilakatu ziren, eta hantxe jaso nituen gure bizipenak; dokumentuen, lagunen oroitzapenen eta elkarren arteko familia-testigantzen bidez, gure gaztaroari eta garai hartako giro orokorrari buruzko zenbait datu bildu ahal izan nituen.

Zalantzarik gabe, nire historiaren ardatza Mikel zen, eta haren ibilbide profesionala, neu ere tartean izanik beste pertsona batzuekin batera. Baina, ardatz horren inguruan, historia ugari zeuden elkarrekin uztartuak, bereziki nirea eta hirurogeiko hamarkadatik aurrera gu ibiltzen ginen gizarteko, familiako eta batez ere kultura-giroko beste zenbait pertsonenak. Mikel jakinaren gainean zegoen nire jarduera hartaz. Maiz, elkarrekin berritzen genituen kontuak edo berak kontatzen zizkidan zenbait gertaera, batzuk niretzat ezagunak eta beste batzuk ez hainbeste. Modu batera edo bestera, proiektuarekin aurrera jotzera bultzatzen ninduen Mikelek. (Irakurri +)