Aurtengo Euskadi sarien zerrenda osatuta

Leire Bilbao, Ander Izagirre, Mikel Valverde eta Matias Mugica dira aurtengo Euskadi saridunen zerrendan gehitu diren izen abizenak. Lehendik Asier Serrano, Arantxa Urretabizkaia eta Fernando Aramburu zueden zerrenda horretan.

Asteazkenean Donostiako Tabakaleran egindako agerraldian, Lakuako Kultura sailburuorde Joxean Muñozek Euskadi Literatura Sarietako azken irabazleen berri adierazi zuen: Leire Bilbao (Euskarazko Haur eta Gazte Literaturan), Ander Izagirre (Gaztelaniazko Saiakeran), Matias Mugica (Euskarazko Literatura Itzulpenean) eta Mikel Valverde (Literatura Lanaren Ilustrazioan). Aipatutako horiei gehitu behar zaizkio joan den irailaren 29an izendatutako Asier Serrano (Euskarazko Literatura), Arantxa Urretabizkaia (Euskarazko Saiakera) eta Fernando Aramburu (Gaztelaniazko Saiakera).

Ondorengo lan hauekin izan dira sarituak:

     

Leire Bilbao
Xomorropoemak

  Ander Izagirre
Potosi
  Matias Mugica
Testamentua
  Mikel Valverde
Versos de deportes

(Irakurri +)

Asier Serrano: “Funtzionatu ez zuen poema liburu bat da Abisalia”

Asier Serranoabisalia“Ez dut nahi konfortik. Jainkoa maite dut, poesia maite dut, benetako arriskua, askatasuna, ontasuna, bekatua”.  Aldous Huxleyren maxima dakar gogora Abisalia (Txalaparta, 2014) sinesgaitz honek, iluminatu honek. Serranok dio poema liburu izateko jaio zela, baina ipuin liburua atera zaiola. Literaturaren mugak esploratu ditu Eibarrekoak, “genero eta etiketetan erortzeko beldurrik gabe”.

Zer da Abisalia bera: fisikoa al da, ametsa al da?

Erlojugilea (Txalaparta, 2009) nobelan azaltzen den nire lurralde literarioa da Abisalia. Giza garun itxurako uhartea da, itsaso debekatuaren ertz batean kokatua. Abisalia gizabanako bakoitzaren barruan taupaka dabilen estatua da. Abisalia zapaldu ditudan paisaiez dago egina, baina baita amestu ditudan paisai ezinezkoez egina. Abisalia munduko mendi tontorrik garaiena duen lurraldea da, baina aldi berean, eta alderantziz jarri ezkero, punturik abisalena aurkitu dezakezun erresuma.

Autonomoki irakur daiteke pieza bakoitza, baina hari bat asmatu diozu…

Esango nuke atal guztiei eman diedala antzeko kolore bat, tonu bat, giro bat… desesperantza bat akaso.

Kritika egiten al zaio gaurko gizarteari Abisalian?

Gaurko gizarteari kritika beti egon da presente nire lanetan. Oraingoan ere, batzuetan ironiaz maskaratuta azaltzen bada ere, hor dago. Abisalian, gure munduan porrot egin duten sistema politikoen adibideak sartu ditut, baina oinarrian gizabanakoak arrotz zaion gizarte baten aurrean dituen frustrazioen inguruan mintzo naiz. 

Liburua begitandu zait  itzela, gordina, leuna…  Uste dut sentsazioak sortzea izan dela zure helburua. Hala da?

Hori izan da nire helburua: sentsazioak iradokitzea. Ez zaizkit gustatzen orri bakoitzean zer sentitu behar duzun eta nola sentitu behar duzun agintzen dizuten liburuak. Abisaliako lurretan irakurlea da libre den bakarra. (Irakurri +)