Ana Urkizaren “Mamuak” liburuaren aurrerapena

ARGAZKIAK

Ana Urkizaren Mamuak liburuaren 2. kapitulua: Argazkiak

MamuakAsteburua Deban pasatu nahi duela esan dio Migelek Estherri. Eta Estherri Gorka etorri zaio burura. Lagunekin irteteko planen bat eginda izango ote duen. Eta Iker, Ikerren larunbatetako saskibaloi partida.

Mutilek, jada, ez dute Debara joan nahi izaten. Txikitxoak zirenean bai. Hango plazetan bakarrik ibiltzea zuten gogoko, erlojuari kasurik egin gabe lagunekin kale estuetan barrena galtzea. Baina orain aspertu egiten dira. Umetako laguntxoak jada ez dira bene-benetako adiskideak, eta hondartza gainaldean paseatzea edota surf saialdiren bat egitea ez da plan nahikoa.

Badaki mutilek ez dutela Debara joan nahi izango baina, konpromiso berezirik ez badaukate, Estherrek jakingo du mutilei sakrifizio txiki bat egiteko eskatzen. Migelek hori baino gehiago merezi du. Argi utzi izan die beti semeei, momentuak daudela lagunekin ibiltzekoak eta momentuak familiarekin egotekoak. Uneak bereiztekoak.

–Argazkiak ikusi nahi ditut –esanez azaldu dio Migelek Debara joan nahi izatearen arrazoia.

Hori entzutean, historiaren atea irekitzea bezala izan da. Egunerokotasunaren trenean ahaztua zuen euren istorio artikularraren atea zabaltzea. Hamalau urte bete berri dituzte ezkonduta. Debara ezkondu ziren, garai hartan Elgoibarren egiten zutelako lan biek. Eta, urte batzuk geroago, Estherrek lana aldatu zuenean joan ziren Donostiara bizitzera, Gorkak hamar eta Ikerrek zortzi urte zituztela.

Garai zailak izan ziren. Estherrek lan berriari eskua hartu behar, Migel egunero joan-etorrian Elgoibartik Donostiara, eta mutilak, ikastola berrira ohitu eta lagunak egin beharrean. Iker berehala ohitu zen baina ez hala Gorka.
Horregatik, hasierako urteetan, astebururo bueltatzen ziren Debara. Migel eta Esther lasaitu egiten ziren umeak gustura ikusita. Eta lasaitu mutilak, lagunak eta familiartekoak hurbil sentituta. Ezkonberritan asteburuetan amaginarrebaren
etxera bazkaltzera joatea bezala zen: pozik bikote gaztea bazkaririk prestatu beharrik ez zuelako, eta pozik amaginarreba eta aitaginarreba, astean zehar hutsik gelditzen zitzaien etxea beteta ikusiko zutelako. Harik eta, poliki-poliki, Donostian gero eta denboraldi luzeagoak egiten hasi ziren arte.

Mutilak asteburuetan Donostian geratzen hasi zirenean, Debako etxea oporretako bizilekutzat jo zuten eta bertan utzi zuten, giltzapean, Donostiara joan arteko bizitza osoa, ezkontzako eta umeen txikitako argazki albumak barne.

Estherrek ondotxo daki, Debara joaten direnean, gogoko izaten dutela argazki albumak atera eta lauren artean berrikustea. Argazki oinak irakurtzea. Deban zoriontsuak izan zirela gogoratzea. (Irakurri +)