Tigrea, geure beldurren ispilu

Argazkia: Sushi Maky

Tigre batekin bizi albumak laburra du testua, baina marrazki bakoitzak ipuin oso bana du bere barruan gordea. Adin tarte jakin bateko publikoari baino gehiago, begi gosetiei, behin eta berriz irakurri zale direnei zuzendua da. Haurrentzako liburuaren itxura izanagatik ere, Harkaitz Canok helduentzat idatzitako poema bat du jatorria.

Animaliarik literarioenetako bat da tigrea. Tigre esan, eta batzuei Emilio Salgariren  protagonista mitiko hura etor dakieke gogora, Sandokan, Borneoko printze itsaslapur bihurtua, Malaysiako tigrea, ezizenez. Jorge Luis Borgesek ere estimuan zuen oso, besteak beste, Nire azken tigrea idatzian aitortu zuenez: “Kiplingen Jungle Books bilduma irakurri nuenean, haurra nintzela, pena handia hartu nuen Shere Kahn fabulako gaiztoa zelako, eta ez heroiaren laguna”. (Irakurri +)

Literaktum hitzen hiria izango da gaurtik 25 arte

Gaur hasi eta datorren hilaren 25 arte Literaktum jardunaldia egingo da Donostian. Programazio zabala eta landua aurkeztu dute antolatzaileek. Horren barruan Elkar argitaletxeko ondorengo liburuen aurkezpenak izango dira:

Ekialde hurbila. Muinak eta ertzak (ElkarJakinBerria)
Ane Irazabal – Mikel Ayestaran – Karlos Zurutuza

Aurkezpena: azaroaren 15ean, 19:30ean, San Telmo museoan
Goizean prentsaurrekoa izango da, 12:00etan, elkar aretoan

2011n, itxaropena lehertu egin zen herrialde arabiarretan, askatasun politikoaren eta justizia sozialaren izenean, plazaz plaza zabaldu zen iraultza, mugak zeharkatuz. Baina indarkeriak demokraziak baino azkarrago egin du aurrera. Udaberri Arabiarrak eremu antzu bihurtu dira. Zein da herrialde horien gaur egungo argazkia? Zein testuingurutan piztu ziren iraultzak?

 

Tigre batekin bizi
Harkaitz Cano eta Maite Gurrutxaga (ilustratzailea)

Aurkezpena: azaroaren 16an, 11:30ean, elkar aretoan

Tigre batekin bizi gara, bai; baina ez ditugu elkarren begiak ezagutzen.

Helduentzako ipuin edota poema grafiko bat osatu dute egileek. Metafora iradokitzaile eta indartsu baten bitartez, testuek eta marrazkiek helburutzat dute tigre batekin bizitzeak sorrarazten duen egonezina eta zirrara batetik, eta eragiten dituen hainbat galdera argitara ekartzea bestetik.

Bidaiaren epika, lirika eta dramatika

Edozein ume aztoratzen da bidaia bat iragartzen zaionean. Bidaiatzeak, normalean, oporrekin izaten du zerikusia eta, halaxe, beste toki batera joatea aldi baterako zoriona bermatzea ia-ia. Umeak bere neurrian parte hartuko du prestaketa-lanetan, etxean zer utzi eta handik zer eraman erabakiz, jostailu guztiak ezin direlako aldean erabili, adibidez. Baliteke plangintzan ere esku hartzea, helduak iritzia eskatzen baldin badio, era horretan ilusioa piztu edota kutsatzekotan.

Baina nola bizi du bidaia, derrigortuta eta halabeharrez abiatu behar duenak? Ezen bidaia bihur daiteke piztia antzeko bat, lehenago edo beranduago bidaiaria irents dezakeena, abenturak ohiko zentzu lilurakorra galdu eta arrisku edota mehatxu bihurtzen denean.

Bidaia liburuan, ume baten ahotsez egiten zaigu inorena ez eta aldi berean gerrak etxetik jaurtitako ume guztien lekukotzaren kronika. Agian, horregatik ez da ageri izen berezirik, anonimatoak jendetza zenbatezin baten identitateak biltzen dituelako. Agian, horregatik kolore lauen kontrastea eta irudien sotiltasuna, halako moldez non edozein xehetasunek esangura hartzen duen. Francesca Sannak naturaltasunez bateratu ditu artista plastiko eta testugile dohainak. (Irakurri +)

Alaine Agirre aurtengo “Farolillo de papel” sariaren irabazlea

Alaine Agirre

Belaixe estudioa

Liburu egunaren testuinguruaren barruan, Bizkaiko Liburu Saltzaileen Elkarteak “Farolillos de papel” izeneko sariak ematen ditu urtero irakurketa eta liburugintzari euren denbora eskaintzen dioten pertsona zein erakunderen lanak aintzat hartzeko.

Aurtengo edizio honetan, Alaina Agirre idazle bermeotarrari emango diote sari horietako bat iaz kaleratu zuen Martin album ilustratuagatik. Desberdintasunari, integrazioari eta bazterkeriari buruzko album honek Espainiako OEPLI erakundearen Lazarillo saria jaso zuen album ilustratuen atalean.

Zorionak, Alaine!