Karratura, 22m2ren lan berria

Naroa GaintzaKarraturaAmaiur plaza taldean, eta Sokaide taldean geroago, urtetan aritu ondoren, Karratura izeneko hau Naroa Gaintzaren proiektu berria dugu. 2014ko negua eta udaberria bitartean Asier Ercilla teknikariarekin Bilboko Balea estudioan grabatu da, eta bertan David Nanclares musikaria eta ekoizlea, David Gorospe bateria jolea, Mandoilek taldeko Igon Olaguenaga ahotsean eta Eunate Vilches biolinean, besteak beste, izan dira lagun. Bakarkako disko bat izan arren, rock and roll banda baten kontzeptuari heldu dio, elementu gutxirekin bada ere, rock talde on batek asko eman dezakeela erakutsiz. Une intimoak daude, pasarte indartsuekin kontrastatuak. Mugaldeko gitarrak, psikodelia eta underground ukituak, hamaika kantu, hamaika lagun, hamaika doinu, hamaika erritmo, hamaika istorio eta milaka sentsazio biltzen dituen diskoa deskubrituko du entzuleak.

Amaiur taldea, Sokaide… urte mordoa eman duzu plaza taldeetan kantatzen. Zer suposatzen du une honetan zure kantuekin proiektu berri hau aurkezteak?

Ilusioa, ardura, jakin-mina, beldurra, zerotik hastea… hori dena eta gehiago. Amaiur taula gainean hazten zen piztia zen, erromeria talde indartsua nortasunez betea, konpaktua eta zuzena, dena irakatsi zidan eta dena eman nion. Baina dabilenak badaki noiz hasi behar duen bere bidea, batzuetan bakarrik, zaila bada ere, eta urteetan idatzitako esaldiak kanta bihurtu nituen, pianoa afinatu eta jotzeari ekin nion berriz ere. Nire indar guztiak utzi ditut bertan, paperetik ahora.

Zeri kantatzen diozu Karratura izeneko zure lehen disko honetan? Zein dira zure kezkak?

Kanporatzen dut nire barruan zama suposatzen duena, ahulezia ematen didana, hauskorrago bihurtzen nauena… Azalekoa alboratuz hasten naiz idazten  eta indarberriztuta ateratzen naiz kantu bakoitzetik, nire buruari aukera berri bat emanez.

Gai zintzoak dira, gertukoak; maitasunik gordinena, herri honek pairatzen dituen bidegabekeriak, momentu on-onen sentsazioak… bizitzea tokatu zaigun Eroen aro honek eskaintzen dizkigun tematikak, batik bat. (Irakurri +)