Haur Literaturako Mikel Zarate VI. Saria abian da

Mundua baloi batean

Patxi Zubizarretak “Mundua baloi batean” liburuarekin irabazi zuen Mikel Zarate V. Saria

Lezamako Udalak eta Elkar argitaletxeak, haurrentzako irakurgai berriak sortu eta idazleen lana bultzatzeko asmoz, haur literaturako Mikel Zarate lehiaketa antolatzen dute, euskal kulturaren alde lan itzela egindako lezamar idazlearen gomutaz, ondorengo oinarrien arabera:

Idazlan mota

Lehen Hezkuntzako ikasleentzat (6-12 urte bitartekoentzat) euskaraz sortutako kontakizunak aurkez daitezke, jatorrizkoak, beste inondik moldatu gabeak eta aurretik saririk jaso edo argitaratu ez direnak.

Neurria

Makinako moldez, Din-A4 formatuan eta tarte bikoitza utzita, gutxienez 10 orrialde eta gehienez 50.

Nola aurkeztu

Hiru ale bidali beharko dira, agerian idazlearen nortasuna azaldu barik, eta horiekin batera gutunazal itxi bat, kanpoan idazlanaren izenburua adieraziko duena eta barruan egilearen izen-abizenak, helbidea, telefonoa eta nortasun agiriaren fotokopia. (Irakurri +)

Karratura, 22m2ren lan berria

Naroa GaintzaKarraturaAmaiur plaza taldean, eta Sokaide taldean geroago, urtetan aritu ondoren, Karratura izeneko hau Naroa Gaintzaren proiektu berria dugu. 2014ko negua eta udaberria bitartean Asier Ercilla teknikariarekin Bilboko Balea estudioan grabatu da, eta bertan David Nanclares musikaria eta ekoizlea, David Gorospe bateria jolea, Mandoilek taldeko Igon Olaguenaga ahotsean eta Eunate Vilches biolinean, besteak beste, izan dira lagun. Bakarkako disko bat izan arren, rock and roll banda baten kontzeptuari heldu dio, elementu gutxirekin bada ere, rock talde on batek asko eman dezakeela erakutsiz. Une intimoak daude, pasarte indartsuekin kontrastatuak. Mugaldeko gitarrak, psikodelia eta underground ukituak, hamaika kantu, hamaika lagun, hamaika doinu, hamaika erritmo, hamaika istorio eta milaka sentsazio biltzen dituen diskoa deskubrituko du entzuleak.

Amaiur taldea, Sokaide… urte mordoa eman duzu plaza taldeetan kantatzen. Zer suposatzen du une honetan zure kantuekin proiektu berri hau aurkezteak?

Ilusioa, ardura, jakin-mina, beldurra, zerotik hastea… hori dena eta gehiago. Amaiur taula gainean hazten zen piztia zen, erromeria talde indartsua nortasunez betea, konpaktua eta zuzena, dena irakatsi zidan eta dena eman nion. Baina dabilenak badaki noiz hasi behar duen bere bidea, batzuetan bakarrik, zaila bada ere, eta urteetan idatzitako esaldiak kanta bihurtu nituen, pianoa afinatu eta jotzeari ekin nion berriz ere. Nire indar guztiak utzi ditut bertan, paperetik ahora.

Zeri kantatzen diozu Karratura izeneko zure lehen disko honetan? Zein dira zure kezkak?

Kanporatzen dut nire barruan zama suposatzen duena, ahulezia ematen didana, hauskorrago bihurtzen nauena… Azalekoa alboratuz hasten naiz idazten  eta indarberriztuta ateratzen naiz kantu bakoitzetik, nire buruari aukera berri bat emanez.

Gai zintzoak dira, gertukoak; maitasunik gordinena, herri honek pairatzen dituen bidegabekeriak, momentu on-onen sentsazioak… bizitzea tokatu zaigun Eroen aro honek eskaintzen dizkigun tematikak, batik bat. (Irakurri +)

Danele Sarriugarteren liburu-gomendioa: Herta Müller-en “Hatsaren kulunka”

hatsaren-kulunkaDaneleDuela bost urte Nobel saria eskuratu ostean iritsi zitzaigun euskarara estreina Herta Müllerren lan bat, hain justu, sariaren urte berekoa da Ibon Uribarrik dotore asko euskaratutako eleberri poetiko hau, Jokin Zaitegi itzulpen lehiaketak hauspotuta. Eta poetikoa dela diot hainbat arrazoirengatik. Hasiera batean, kontakizun hau idazteko proiektua Müllerrek eta bere lagun poeta Oskar Pastiorrek jarri zuten abian, baina Pastior hil ondoren Müllerrek berak hartu zuen lema, bakar-bakarrik. Emaitza ikaragarria da, eta hemen dator eleberri poetikoa izatearen bigarren arrazoia: pasarte oso-oso laburrak elkarri katigatuz, konzentrazio-eremu nazien esperientzia kontatzen du autoreak, kasik sufrimenduaren hiztegi bat idazten ari bailitzan, hitzak sortuz eta moldatuz, adierazi nahi duen hori zehatz-mehatz helarazteko. Zinez aipagarria Uribarrik nola lortu duen hori guztia gure eleetara ekartzea. Liburu bat, erronka bat, idazle bat ezagutzeko aukera itzela, hainbestetan aditu dugun sarraskia beste modu batean bizitzeko atea.

Martin Ugalde beka abian da

Martin Ugalde bekaMartin Ugalde gogoan, haren izena daraman ikerketa beka sortzea erabaki da, eta ikerketa beka horrek bi gairen gaineko ikerketa egiteko aukera emango du bi urtetik behin: Martin Ugalde bera ikertzeko aukera; euskal kazetaritzaren gaineko ikerketak egiteko aukera.

Martin Ugalde kultur parkeak, Berria Fundazioak, elkar Fundazioak eta Jakin Fundazioak, Andoaingo Udalaren laguntzarekin, Martin Ugalde Beka deialdia egin dute 2015erako, hemen zehazten diren oinarriekin:

1.- 2015erako beka deialdiaren gaia “Martin Ugalde eta euskal kazetaritza”izango da. Martin Ugaldek euskal kazetaritzarekin izandako harremana, egindako lana eta ekarpena aztertzea izango du, beraz, helburu bekaren lehen deialdiak.

2.- Bekaren emaitza idatziko edo ikus-entzunezko euskarrian aurkezteko aukera izango da. Deialdira aurkezten denak argi adierazi beharko du zein euskarritan landuko duen emaitza, eta dokumentazioa horren arabera aurkeztu beharko du.

Emaitza idatzizko euskarrian izango bada, lanak gutxienez 150 orrialde izan beharko ditu; eta ikus-entzunezkoa bada, lanak gutxienez 30 minutuko iraupena izan beharko du.

3.-Proiektuak aztertzean, puntu hauek hartuko dira kontuan, besteak beste: testuaren kalitatea, informazioaren zehaztasuna, ikerketaren berritasuna, iturrien aberastasuna… (Irakurri +)

Banpiro istorio zirraragarri bat

argixorginArgixorgin, Joseba LarratxeBatek ez daki banpiro eta sorgin istorioek zenbateraino sortzen duten beldurra, eta noraino ez ote dauden folklore bihurtuta; nolanahi dela, bistan da erakargarriak izaten jarraitzen dutela, bai zineman bai literaturan, batik bat gazte jendearentzat. Hala ere, egia da euskal literaturan gutxi samar landu izan direla terrorezko kontakizunak gazteentzat. Azkenaldiko lanen artean Asier Mendozaren Beste gu aipa genezake, Jon Eugiren Zortzi ipuin gotiko, eta hemen komentatzera goazena: Argixorgin, Esti Vivancok eta Joseviskyk eskuz esku sortu duten nobelatxo bikaina.

Gazteak dira egile biak. Esti Vivanco idazlea 1989an jaio zen Bilbon, eta hauxe du argitaratzen duen lehen lana. Joseba Larratxe “Joseviskyirundarra, berriz, 1985ean sortua da, komikian nahiz ilustrazioan bere trebetasuna erakusten ari dena.

Eta zer kontatzen du Argixorgin honek? Genero bat baino gehiagoko osagaiak ditu liburuak. Protagonista aurkezten zaigu hasieran, Illare, neskatxa lotsati bat, ahoskatzerakoan arazoren bat duela-eta gorriak ikusten dituena, ikaskideek barre egiten diotelako. Konplexu bat gainditu behar duen gaztearen gaia daukagu hor, batetik; bulling-aren itzala, bestetik. Illarek, zorionez, badu adiskide min bat, Nikole, zailtasun guztien aurrean lagunduko diona, baita maite duten gurasoak ere. Hain zuzen, gurasoek ekarriko diote logopeda bat, Agate, ahoskatze arazo hori konpontzen laguntzeko. Ederra bezain liluragarria da Agate, baina hura etxean sartu bezain laster igarriko dio Illarek zerbait okerra… (Irakurri +)